Festibas jaialdiaren zortzigarren edizioa maiatzaren 21ean ospatuko da Basaurin. Zuzenekoak eta masterclass bikoitza antolatu dira, Robert Rodrigo eta Dann Hoyosen eskutik. Masterclass horiek Ibaigane Kultur Etxean, 17:30etik aurrera egingo dira eta zuzenekoak San Isidro plazan, 20:00etatik aurrera. Kyrae, Infarto eta Pelícanos talde basauriarrak izango dira aurtengo zikloan zuzenean arituko direnak; hain zuzen ere, maiatzaren 21ean Basauriko San Isidro plazan, eta auzoko jaien ospakizunekin bat eginez. Aurtengoan, “nobedade gisa, kontzertuez gain Robert Rodrigo eta Dann Hoyos musikariek zuzenduriko masterclass bikoitza ere eskainiko da Ibaigane Kultur Etxean”, diote antolakuntzatik. Festibas jaialdiak, ZirtZart Basaurik antolatua (Basauriko Udalaren gazte zerbitzua) Musika Master, Kultur Basauri eta Txantxangorri Bentako Auzo Lagunak Elkarte Kulturala laguntzaile dituela, helburu du herriko bandei zuzenean jotzeko aukera ematea, formatu profesionalean, eta proiektu bakoitza ikusleen aurrean sustatzea jai-giroan.

Jaialdia arratsaldeko 17:30ean hasiko da, Ibaiganen. “Robert eta Dann musikariak oholtza gainean arituko dira euren ibilbide luzeetan hobetu dituzten teknika eta trikimailu batzuk errepasatzen”. Kontzertuak auzoko jaiekin batera izango dira. 20:00etan Kyrae, Infarto eta Pelícanos taldeek hartuko dute lekukoa. ZirtZart Basaurik hamaika inskripzio jaso ditu musika jaialdian parte hartzeko, eta horien artetik aukeratu dira San Isidro plazan arituko direnak. Bandak aukeratzerakoan, hizkuntza, taldekideen adina eta bandak aurreko edizioetan parte hartu duen ala ez hartu da kontuan.