Herritarren artean euskararen erabilera sustatzea da Getxoko Udalaren erronka nagusienetariko bat. Hori dela eta, 58.000 euroko aurrekontua bideratuko du euskara ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko dirulaguntzen deialdi berri bat martxan jartzeko.

Ohi bezala, partidarik handienak ikaskuntzara bideratzen dira, baliabide ekonomikoen arabera.

BERRITASUNAK

Berritasun gisa, aurten laguntzak HABEk emandakoen osagarri gisa banatuko dira, hori baita horretarako eskumena duen erakundea, horrela udal-partida pertsona gehiagori bideratu ahal izateko. Horregatik, euskara ikasteko laguntza eskatzen dutenek HABEren laguntza eskatu beharko dute, eta, eskatutako baldintzak betetzen badira, Udalak laguntza osatuko du matrikularen kostuaren % 80ra iritsi arte, HABEk egin ez duen kasuetan. Kontuan hartu beharreko baliabide ekonomikoen taula eguneratu da, 18 urteko gazteei ez zaie familia-unitatearen diru-sarrerarik eskatuko, eta asistentzia-maila malgutu da, betiere ikasteko aukera errazteko helburuarekin. Administrazio Elektronikoaren bulegoaren bidezko izapidetze-prozesua ere sinplifikatu da. “Lanean jarraitzen dugu ez dugulako nahi getxotarrik geratzea euskara ikasi gabe arazo ekonomikoengatik edo baliabide ekonomikoen faltagatik, ESEP, Euskara Sustatzeko Ekintza Planak jasotzen duenez, eta helburu horretara bideratzen dira egindako aldaketak, baita HABEk ezarritako irizpideekin koordinatuta lan egitera ere. Era berean, online eskaera egiteko prozesua sinplifikatzeko ahalegina egin dugu, herritarrentzat errazago eta eskuragarriago izan dadin”, azaldu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak.

LAGUNTZEN ILDOAK

Horrela, lehenengo ildoan, baliabide ekonomikoen arabera, 30.0000 euro aurreikusi ditu Udalak, eta bigarrenean, gazteen eta umeen (6tik 15 urtera bitartean jaiotakoak, biak barne) matrikula ordaintzera laguntzeko 15.800 euro bideratu dira. Bi kasu hauetarako eskaerak aurkezteko epea urriaren 16an amaituko da. Egun horretan ere amaituko da Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskara ikasteko laguntza eskatzeko epea. Horientzat 1.000 euro onartu ditu Udalak.

Era berean, 4.000 euro izango dira gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten gazteentzat, eta beste 1.000€ elkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskaraz (kendu egin da praktikak Getxoko elkarte batean egin beharra). Bi ildo hauetarako eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da.

Azkenik, urtero bezala, 7.000 euro bideratuko dira, errotuluak, olanak, pertsianak, biniloak eta ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da enpresentzat. Aurten, kaleko hizkuntza paisaian eragin nabarmena duten establezimenduen bestelako euskarriak ere kontuan hartuko dira.

Diru-laguntza horiekin batera, Udalak beste zerbitzu batzuk mantenduko ditu euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, tartean, itzulpen zerbitzua, aholkularitza, ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua, eta merkatariei nahiz ostalariei doan eskaintzen dizkien itzulpen eta maketazio zerbitzuak.

DIRULAGUNTZAK ESKOLA-ORDUZ KANPOKO JARDUERETARAKO

Bestalde, datorren maiatzaren 29ra arte zabalik egongo da eskola-orduz kanpoko jardueretarako dirulaguntzetarako deialdira proiektuak aurkezteko epea. Horietara Udalak 40.000 euro onartu ditu. “Helburua da gazteen eta haurren euskalduntzean eragitea klase orduetatik kanpo eta jarduera anitzen bitartez”, azaldu du Irantzu Uriartek.

Lehengo lerroa, 5.000 eurorekin, hizkuntza-murgiltze laburreko jarduerak laguntzera bideratuta dago, hala nola barnetegiak edo eguneko irteerak. Bigarren lerroak, 10.000 eurorekin, aldi luze batean euskararen erabilera aktiboa bilatzen duten ekimenak bultzatuko ditu, esate baterako antzerkia, bertsoak edo berbodromoak. Hirugarren lerroa, 5.000 eurorekin, errefortzu klaseetarako izango dira, euskara mailagatik beraien formakuntza prozesuan atzean geratzeko arriskuan daudenak laguntzeko. Laugarren lerroak 15.000 euro bideratuko ditu euskaraz garatzen diren ohiko jardueretara, horien artean, futbola, saskibaloia, xakea... eta bosgarrenak 5.000 euro Euskararen Eguna, euskal astea bezalako ekitaldiak antolatzeko.

2021ean 198 proiektuk jaso zuten dirulaguntza, 13 ikastetxek eta 11 familia elkartek aurkeztuta.

ESKAERAK

Ikasteko eta bestelako jardueretarako dirulaguntzak zein eskolaz kanpoko jardueretarako proiektuak Administrazio Elektronikoko Bulegoaren bitartez aurkeztu beharko dira, eta bietarako epea BAOan argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.