Galdakaoko Udalak iragarri du apirilean jasoko dituela 2023ko aurrekontuetarako herritarren proposamenak, zehazki, 4tik 22ra. Jakinarazi dutenez, guztira milioi bat euro bideratuko dira gehienez hautatutako proiektuetara.

Talde eragilea otsailean hasi zen lanean, eta diseinatu du hurrengo urteari begirako ibilbidea. Berrikuntza handiekin dator prozesua aurten: adibidez, sor litezkeen desorekak saiheste aldera guneka banatuko da dirua, eta gauzatuko diren proposamen guztiak ez dira eraikuntzara bideratuko; zerbitzuetara ere bideratu beharko da zati bat. Horrez gain, luzerago begira jarrita, 2023rako proposamenez gain, 2024ra begirakoak ere jasoko dira aurten, proiektuen lanketa sakonagoak errazte aldera. Eta beste berrikuntza garrantzitsu bat: Parte hartze prozesuetarako plataforma bat sortu da: erabaki.galdakao.eus. Plataforma horri esker parte hartzeko prozesuen kudeaketa erraztuko da, eta 2020tik aurrerako aurrekontu parte hartzaile guztietako proiektuen jarraipen zuzena egin ahal izango da. 2023ko aurrekontuei begirako prozesua martxan da, eta herritarrek apirilaren 4tik 22ra bitartean egin ahalko dituzte proposamenak.

2020, 2021 eta 2022ko kontuetarako prozesuetan jasotako eskarmentua eta ikaskuntzak oinarri hartuta egokitu da aurtengo prozesua. Azken edizioan aurreko prozesuetan jasotako proposamenen artean aukeratu ondoren, datorren urteari begira proposamen berriak jasoko dira aurten, eta 2024rako begirada ere aintzat hartuko da. Proposamen berriek zehaztasun handiagoa izan beharko dute, eta aurrekontuen banaketa ere zehaztu da, ez dadin diru guztia gune berean pilatu. Guztira, milioi bat euro bideratuko da, gehienez, aurrekontu parte hartzaileetan aukeratutako proiektuetara, 2023an. Herritarrekin batera osatutako talde eragileak erabaki du eremu eta diru banaketa:

  • 1 eremua: Elexalde-Altamira-Bekea-Olabarri-Gumuzio. 190.000 euro gehienez.
  • 2 eremua: Erdigunea. Gehienez 70.000 euro.
  • 3 eremua: Zuhatzu-Upomendi-Tximiolarrabehekoa. 90.000 euro.
  • 4 eremua: Aperribai-Olabarrieta-Txistulanda. Gehienez 140.000 euro.
  • 5 eremua: Usansolo. Gehienez 110.000 euro.
  • 6 eremua: Urtebieta-Zuhatzaurre-Tximiolarragoikoa. 140.000 euro.
  • 7 eremua: Bengoetxe-Troka-Ergoien. Gehienez 160.000 euro.
  • 8 eremua: Galdakao osoa. Gehienez 100.000 euro.

Bestetik, aurreko edizioetan ikusitako joera batzuk zuzentze aldera, beste erabaki bat hartu da: aurrekontuaren %35 bideratuko da, gehien jota, inbertsioetara. Gainerako %65 zerbitzu, jarduera eta programetara bideratuko da.

FASE NAGUSIAK:

1. Prozesuaren diseinua: urtarrila-otsaila. Talde eragilea sortu da horretarako herritar, udaleko teknikari eta zinegotzien artean.

2. Proposamenak aurkeztea: apirilaren 4tik 22ra.

  • Erabaki.galdakao.eus plataformaren bidez.
  • Udaletxean, ESAN bulegoan, Torrzabalen, eta Aperribai eta Usansoloko liburutegietan jarriko diren kutxatiletan proposamena sartuz.
  • Topaguneetan eta Haurren Kontseiluan ere gaia landuko da. Baita pertsona nagusiekin (adinekoen egoitzetan) eta gazteekin (gazte elkarteekin)
  • Batzarretan parte hartuz (plataformaren bidez izena ematea gomendatzen da). Batzarrak 19:00etatik 21:00era izango dira, honako leku eta egunetan:

Bekeako Eskola: apirilak 4

Txapelena: apirilak 4

Torrezabal: apirilak 5

Urtebietako udal lokalak: apirilak 5

Plazakoetxeko txaleta: apirilak 6

Aperribaiko liburutegia: apirilak 6

Bengoetxeko adinekoen zentroa: apirilak 7

Proposamenek honako edukia izan beharko dute:

  • Titulua: proposamenaren izena, esaldi labur eta ulerterraz bat.
  • Testua: proposamenaren deskribapena. Proposamena ahalik eta gehien zehaztu behar da. Edonork ulertzeko modukoa izan behar da babesa edo botoa emateko. Proposamenaren balorazio teknikoa ere egin beharko da. Proposamenaren justifikazioa eta helburua azaldu, zergatik uste den beharrezkoa dela.
  • Gunea: proposamena gune jakin baterako ala Galdakao osorako den zehaztu.

3. Irizpideak betetzen direla egiaztatzea eta proposamenak taldekatzea: apirilaren 25etik 29ra.

4. Proposamenei babesak adierazi, eta egitasmoak lehenestea: maiatzaren 2tik 17ra. Helburua da teknikoki baloratu beharreko proposamenen kopurua mugatzea; gehienez 64 baloratuko dira (8 esparru bakoitzeko). Gune bakoitzean babes gehien lortzen duten 8 proposamenak prozesuaren hurrengo faseetara igaroko dira. Babesa plataformaren bidez adierazi ahalko da, edo aurrez aurre hainbat tokitan.

5. Balorazio teknikoa: maiatzaren 2. hamabostaldia. Proposamenak teknikoki bideragarriak direla eta aurrekontuak adierazitako mugen tartean daudela egiaztatuko da.

6. Bozketa: ekainaren 27tik uztailaren 15era. Eremu bakoitzean gauzatuko diren proiektuak aukeratzeko botaketan parte hartu ahalko dute Galdakaon erroldatuta dauden eta 16 urte edo gehiago dituztenek. Bakoitzak 3 proposamen bozkatu ahalko ditu, telematikoki plataformaren bidez, edo aurrez aurre.

7. Emaitzak uztailetik aurrera jakinaraziko dira eta parte hartzerako plataforman proiektuen jarraipena egiteko gune bat jarriko da, herritarrek uneoro jakin dezaten zein den haien garapen-maila.