Getxoko Udalak Korrika Kulturalarekin bat egingo du berriro, eta datozen asteotan kultur programazio zabala eskainiko du.
Ekimen horren helburua izango da euskarazko adierazpen artistiko eta kultural ezberdinez gozatzeko aukera eskaintzea, hizkuntza bat garatzeko garrantzitsuak direnak.
“Udalak bat egin nahi izan du Korrika Kulturalarekin, gure kultur programazioa gehitzen. Motorrak berotzeko hainbat ekimen euskara hutsean izango ditugu, kultura ere euskaraz sortu behar delako, hizkuntzaren erabilera sustatuz. Aurten Korrikaren leloa “Hitzekin” da, hizkuntza bat hitzez osatuta dagoelako eta mantentzeko dugun era bakarra hitzak erabiltzea delako, kulturan, kalean, zein egunerokotasunean”, nabarmendu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak.
Bestalde, Lohitzune Rodriguez, Uribe Kostako Korrika arduradunak nabarmendu du 22.Korrikan egitarau oparoa antolatu dutela Getxoko Korrika kulturalerako, Udalarekin batera, eta Egizu eta ALBEren partaidetzarekin. “Besteak beste, aurtengo edizioaren kanta abesten duen Anariren kontzertuarekin, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots omenduekin (34 urtez euskaraz eta euskararen zabalpenean buru belarri arituak) eta Uribe Kostako Bertsolarien txapelketarekin gozatzeko aukera izango da hurrengo asteotan, eta horregatik dei egin nahi diegu getxotarrei aukera ez galtzeko”.
EGITARAUA
Otsailean burututako lehen jardueren ondoren (antzerkia eta musika), Korrika Kulturalaren jarduera gehienak martxoan eta apirilaren hasieran izango dira, Muxikebarrin, RKE-Romo Kultur Etxean, elkarteetako egoitzetan eta kalean, batzuk doakoak eta beste batzuk prezio ezberdinarekin:
- Antzerkia: Altsasu, martxoaren 2an, 19:30ean, Muxikebarrin. 12€
- Korrikan eta Euskaraldian parte hartzera sentsibilizatzeko ekitaldia Algortan, martxoaren 4an, 18:00etatik aurrera, Algortako San Nikolas plazan.
- Bertso-saio musikatua: Ez da kasualitatea, martxoaren 6an, 19:30ean, Muxikebarrin. 6€
- Kontzertua. Incorrectas taldea, martxoaren 10ean, 20:00etan, RKEn. 5€
- Kontzertua. Anari, martxoaren 12an, 19:30ean., Muxikebarrin. 12€
- Mahai-ingurua: 42 urte Korrika, martxoaren 24an, 09:30ean., RKEn; 18:00etan, Faduran.
- Pailazoak: Kuikui, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, martxoaren 27an, 16:30 eta 19:00etan, Muxikebarrin. 8€
- Antzerkia: Tarara, martxoaren 30ean, 19:30ean, Muxikebarrin. 10€
- Bertso-poteoa, martxoaren 31n, 19:00etatik aurrera, Romon.
- Animazioa: Elektro txaranga, apirilaren 1ean, Romon.
- Uribe Kostako Bertsolari Txapelketaren finala, apirilaren 2an, 21:30ean, Azebarri kultur elkartearen egoitzan.
- Kontzertua: Maider Zabalegi, apirilaren 7an, 20:00etan, RKEn. 5€
- Antzerkia: Lehendakari gaia, apirilaren 8an, 19:30ean, Muxikebarrin. 10€.
Gogoratu, Korrikaren 22.edizioaren karrera datorren martxoaren 31n aterako dela Amurriotik eta apirilaren 10ean amaituko dela Donostian. Udalerrian, apirilaren 7an, ostegunean, sartuko da, 06:20ak aldera Bizkaia Zubitik. Horren aurretik, udalerriko umeek antolatutako Korrika Txikietan parte hartu ahal izango dute, apirilaren 4ean Algortan eta Andra Marin, eta apirilaren 5ean Areeta-Romon.