Legegintzaldian egingo den obra nagusienetakoa da, Udalak "beharrezkotzat" jotakoa. Eta honi hasiera ematea onartu dute Markina-Xemeingo EAJk eta EH Bilduko udal taldeek, atzo goizeko ezohiko eta urgentziazko Osoko Bilkuran onartu bezala. Atxondo Kiroldegiko eraberritze lanak lizitaziora ateratzea adostu dute, 741.000 euro inbertituko dituztelarik eraikina erabat eraberritzeko, beti ere lehenengo fase baten. Datozen hilabeteetan ekingo diete lanei, baina aldez aurretik hauek adjudikatu beharra izango da.
"Hain zuzen, Atxondo kiroldegiko instalazioak eraberritzea da 2022ko ekitaldian udalak aurrera eramango duen inbertsio nagusietako bat". Hala jakinarazi zuten Markina-Xdemeingo Udaletik, aurtengo aurrekontuari baietza eman zitzaionean. Inbertsio horren lehen faseari dagozkie lizitaziora aterako diren lanak dkirez, zehazki. "741.892,70 eurokoa da inbertsioa, landutako proiektuaren arabera", nahiz eta ekimena Aldundiak diruz lagundutakoa izango den. Udal administrazioko arduradunek zehaztutakoaren arabera, "322.965 euroko diru-laguntza jaso du Udalak Bizkaiko Foru Aldunditik lan hauek aurrera eramateko.
Halako inbertsio bat egitearen helburu argia da, "egungo instalazioen kalitatea hobetzea" delarik jomuga nagusia. Izan ere, hain arabilia den udal eraikinak baditu jada zenbait urte. Besteak beste, Atxondoko aldageletan, igerileku txikian eta gimnasioan egingo dira lan nagusiak, klimatizazioan, jasangarritasunean eta efizientzia energetikoan hobetuz. Gaur egun, gune hauek ez daude egoerarik onenean. Suteen kontrako sistema ere berriatua izango dela jakinarazi dute. Lanak aurrera ateratzeko epea 13 hilabetekoa izango dela dio oraintsu argitaratu duten lizitazio prozesuak.
%50 Udalaren gain
Bestalde, eta azken urteetan oinarrizko gastuen gorakadaren (energia, argia, ura, etab.) eta koronabirusaren pandmiak eragindako egoeraren ondorioz, Atxondo kiroldegiko erabiltzaileen tarifak eguneratzeko beharra ikusi dute. Hala ere, Markina-Xemeingo Udalak hartuko du bere gain kostuaren erdia. "Igoera horren % 50a bere gain hartuko du" udal administrazioak, "ordaintzen duen kanonean igoera aplikatuz", jakinarazi dutenez. Zehazki, 13.117 euro gehiago ordainduko ditu udalak.
Kiroldegiko erabiltzaileen eta bertako langileen aldeko neurria da honakoa. Izan ere, "udalak apustu sendoa egiten du kirolaren eta bizitza osasungarriaren alde, eta herritarrek kiroldegiko instalazioak erabiltzea sustatu nahi da. Instalazioetan egingo diren hobekuntzak ere helburu eta asmo horrekin egingo dira".