Lurraldeko adineko pertsonentzako elkarteen programetarako dirulaguntzen deialdia onetsi berri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Guztira, 456.000 euroko aurrekontua bideratu egingo du hasi berri den urtean zehar.

2022. urtean espero da gutxi gorabehera 180 elkartek aurkeztea dirulaguntza-eskaera, adinekoak bizi diren gertuko ingurune komunitarioan jarduerak edo programak sustatzeko. Elkarteek, ohiz tokikoek, zahartze aktiboa bultzatzeko eta ohiko ingurunean mantentzeko ekimenak garatzen dituzte. Horien bidez, elkarteen gizarte-oinarria osatzen duten pertsonen arteko harremanak erraztu eta sustatzen dira, isolamendua eta bakardadea saihesteaz gain. Aldi berean, aisialdi aktiboa ematen zaie, osasun hobea izateko, duintasuna eskuratzeko eta zahartze aktiborako, bereziki, gizarte-partaidetza aktibo eta solidariorako prestatzeko.

Diruz lagunduko diren proiektu guztien helburua da elkarrekintza komunitarioa bultzatzea, eta, ildo horretatik, edukia honako alorren batean egon daiteke: lana, prestakuntza, kultura, garapen pertsonala, aisialdia, kirola edo osasun-sustapena. Halaber, dirulaguntza jaso dezakete jarduera solidarioetarako programek, batik bat, elkarteak diharduen inguruneko behar komunitarioei erantzuteko. Azkenik, belaunaldien arteko jardueretarako programak sar daitezke.

Bizkaian 60.000 adinekotik gora halako erakundeetan bazkide dira. Deialdiak Europan adinekoentzako elkarte-dinamismo berezia babesten laguntzen du.

ESKABIDEAK AURKEZTEA ETA EPEA

Eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiko egoitza elektronikoan edo erregistro-bulegoetan aurkeztu ahal izango dira 2022ko urtarrilaren 18tik martxoaren 31ra.

Eskabideak telematikoki aurkezten laguntzeko, Gizarte Ekintza Sailak telefono-arreta eta/edo arreta telematikoa emango ditu profesionalen talde tekniko baten bidez. Haien zeregina da zalantza guztiak argitzea eta linean prozesua errazago egitea. Prozedura Foruko webgunean kontsulta daiteke, eta helbide elektroniko bat egokitu da: subvenciones.mayores@bizkaia.eus. Horietan izan daitezkeen zalantzak argituko dira.

Dokumentazioa entregatzeko erregistro-bulegoetan bertaratuz gero, ezinbestekoa da aurretiaz hitzordua eskatzea honako telefono-zenbakian: 94 406 60 00.

Dirulaguntzen muga 4.000 eurokoa da. Dirulaguntzen zenbatekoa aurkeztutako proiektuek lortutako balorazioaren mende zehaztuko da.