Basauriko Udalak adinekoentzako zahartze aktibo tailerrak berrabiarazi ditu. Covid-19ak eragindako osasun-egoera dela eta, ezin izan dira denbora luzez egin, eta oso jarduera garrantzitsuak dira adinekoentzat. Aurreko edizioetan bezala, tailerrak udalerriko erretirodun eta pentsiodunentzat izango dira. Programaren xedea da “norbanakoen egoera funtzional orokorra hobetzeko zenbait jarduera garatzea, adinekoak autonomoak izan daitezen eguneroko bizimoduko jarduna aurrera eramateko eta narriadura fisiko eta mentala prebenitzeko”, azaldu dute Basauriko Udaletik.

Horrez gain, “ikastaroak topagune izango dira, eta adinekoen arteko harremanak sortzea ahalbidetuko dute”. Guztira, 48 tailer eskainiko ditu Udalak, jubilatuen udal etxeetan eta beste lokal batzuetan, honako alor hauetan: yoga, gorputz-adierazpena, gimnasia, erlaxazioa, marrazketa eta pintura, dekorazio-arteak eta zur-lanketa.

Tailer horiek sasoian mantentzeaz gain, edo nolabaiteko jarduera sortzeaz gain, sortzaile izateko aukera ere ematen diete, eta hori ere oso garrantzitsua da adineko pertsonentzako. Arduradunek espero dute udalerriko jubilatu-etxeak zabaldu ahalko direla datozen asteotan, osasun-egoerak gaur egungo parametroetan jarraitzen badu.

Izan ere, oraingoz erretiratuen etxeak ez irekitzea erabaki da. Hala ere, erabaki hori alda daiteke pandemiak duela aste batzuetatik ezartzen ari diren joera positiboa erakusten badu. Egoerak hobera egiten badu eta kutsatze askorik ez badago, berriro ireki ahal izango dira, erretiratuak berriro han elkartu daitezen.