Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko azpiegituretako berrikuntza planean aurrera egingo du. Horretarako, bere hiru lan ildo nagusietan sakonduko du: jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra, ITS-Garraio Sistema Adimendun aurreratuak, eta azpiegitura adimendun eta digitala.

Aclima, Eraikune eta MLC klusterrek dinamizatuko dituzte lantaldeak. Hain zuzen ere, garatu beharreko arloetan egina duten ibilbidea, ezagutza eta esperientziak eskainiko dizkiete. Hiru erakundeetako arduradunak, Xabier Caño, Alberto Marín eta Joaquín Acha, ostiralean goizean bildu dira Imanol Pradales Azpiegituretako diputatuarekin, lan ildo berrien garapenari hasiera emango dioten hitzarmenak sinatzeko.

Zehazki, ACLIMA klusterra arduratuko da jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren arloko lantaldea abian jartzeaz eta dinamizatzeaz. Eraikunek azpiegitura adimendun eta digitalaren inguruko taldea jarriko du abian, eta MLC Euskadi Mugikortasun eta Logistika Klusterra izango da ITS aurreratuei buruzko lantaldearen arduraduna.

Foru erakundearen eta hiru klusterren arteko akordioaren helburua da lantaldeak sortzea planaren xede diren arlo espezifikoetan lan egiteko, joera teknologikoak aztertzeko, erronkak eta aukerak identifikatzeko, lan ildo bakoitzaren esparru espezifikoan bide-orri bat egiteko, I+G+B proiektuak identifikatzeko eta arloko enpresen eta erakundeen arteko lankidetza sustatzeko, proiektuak garatze aldera. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta hiru klusterretako bakoitzaren arteko akordioak 165.000 euroko dirulaguntza aurreikusten du 2023ra arte.

BIDE AZPIEGITURETAKO BERRIKUNTZA PLANA 2020-2023

Berrikuntza erdiguneko osagaia da Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren kudeaketan. Sail horrek 2020ko otsailean onetsi zuen bere berrikuntza plana.

Gaur egun iraultza teknologikoa bizitzen ari gara, eta horrek mugikortasun eredu berriak sorrarazi ditu, pertsonen, ibilgailuen eta bide azpiegituraren arteko konektibitatearen garapenean oinarrituak. Gidatze automatizaturanzko eboluzioak eta hainbat garraiobide mota erabiliz eta partekatuz egiten diren joan-etorriek mugikortasun ereduaren erdigunetik kendu dute ibilgailua, erabiltzailearen mesedetan.

Horren harira, foru planak errealitate berri horri egokitzeko ekintza estrategikorako tresnatzat hartzen du berrikuntza. Eta eraginkortasunez aurre egiteko teknologia berriek, gizarte eredu berriek eta ingurumen-jasangarritasunak ekarriko dituzten erronkei, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak Bizkaiko 1.300 km inguru bide-azpiegituren kudeatzaile gisa egiten dituen jarduera guztietan balioa handituz.