Bilboko Udalak eta Telpark enpresak kanpaina bat jarriko dute abian datorren astean, herritarrek doan kargatu ahal izan dezaten beren ibilgailu elektrikoa Azkuna Zentroan eta Indautxuko aparkalekuetan. Ekimena astelehenetik igandera egingo da, urriaren 20tik 26ra.
Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, herritarrentzat konponbide irisgarri eta jasangarriak eskaintzeko eta hiriak deskarbonizatzeko Telpark enpresak egiten duen apustuaren parte da ekimena, eta ibilgailuak erdi-azkar eta azkar kargatu ahal izango dira.
Zerbitzua eskuratzeko, erabiltzaileek Telpark aplikazioa deskargatu beharko dute. Aplikazio horren bidez, erabilgarri dauden karga guneak aurki daitezke denbora errealean eta, horrela, zerbitzura azkar eta erraz sartu.
Guztira, 22 kW-ra arteko potentzia daukaten bederatzi kargagailu erdi-azkar eskainiko dira -sei Azkuna Zentroan eta hiru Indautxun-, eta bi kargagailu azkar, bakoitza 120 kW-ra arteko potentziarekin Azkuna Zentroan.
Nora Abete Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak adierazi duenez, akordio honen bidez "beste pausu bat" ematen da sailak elektromugikortasunari eman nahi dion bultzadan.
"Azken urteotan ahalegin handia egin dugu udalaren ibilgailu-parke osoa berritzeko. Gure garraio publikotik hasita: Bilbobus. Zirkulazioan dauden autobusen %90 baino gehiago erabat elektrikoak edo hibridoak dira", zehaztu du.
Gaineratu du Bilbok "taxi elektrikoen indizerik altuena" duela, eta aldizka laguntza lerroak eskaintzen dituztela "hirian azken milian banatzen duten enpresen flotak berritu ahal izateko".
Era berean, Ignacio Merry del Val Telpark enpresako Eragiketa saileko zuzendariak adierazi duenez, "udalarekin sinatutako akordio hau beste urrats bat da gure estrategian, herritar guztiei mugikortasun elektrikoa eskura jartzeko. Kargatzeko esperientzia erraza, eskuragarria eta gehien behar den lekuetan eskuragarri egotea nahi dugu".
Telpark Bilbon dago 2005etik eta 864 plaza kudeatzen ditu guztira lurpeko bi aparkalekutan. Aplikazioak 5,8 milioi erabiltzaile baino gehiago dauzka eta Iberiar Penintsulan gehien erabiltzen eta deskargatzen dena da. Bizkaian 42.500 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute soluzio hori.
Konpainiak kargatzeko 1.300 puntu baino gehiago dauzka bere aparkalekuetan, eta horrek hiri mugikortasunean bazkide estrategiko gisa finkatzen du konpainia, jasangarritasunarekin eta hirietako bizi kalitatea hobetzearekin konprometituta izanik.