Umeak udako oporretan daudela aprobetxatuz, Amorebieta-Etxanoko Udalak hasi egin ditu dagoeneko Larreako haurreskola eraberritzeko lanak. Udalak 83.000 euroko aurrekontua bideratuko du 0 eta 1 urte bitarteko gelak birmoldatzeko. Aurreikusita dago lanak irailean amaitzea, ikasturte berriaren hasierarekin batera.
BI EREMU FUNTZIONAL BERRI
Irailetik aurrera, bi ikasgelek eremu berriak izango dituzte komunean: garbitasunerako gunea eta elikagaiak prestatzeko gunea.
Garbitasun eremu berria bi gelen artean egongo da kokatua, eta bietatik izango da sartu-irtena egiteko aukera. Sabairaino egongo da itxita, eta tartean beirate bat izango du, ikasgelarekin ikus-lotura ez galtzeko. Haurrak aldatzeko altzaria egongo da bertan, eta koltxonetak izango ditu gainean; eta bainuontzia ere jarriko da. Aldatzeko altzariari esker, igotzeko eskailera eta garbitasun produktuak gorde ahal izango dira bertan.
Elikagaiak prestatzeko gunea garbitasun eremuaren ondoan egongo da, manpara batek banatuta. Honen kontra armairu bat jarriko da, hozkailua, harraska eta elikagaiak biltegiratzeko apalekin.
ATSEDEN GUNEA, ISOLAMENDU AKUSTIKOAREKIN
Atsedenerako gune egokitua izango dute zornotzar txikiek, irailetik aurrera. Ikasgelaren bukaeran egongo da gune berria, eta haurren atsedena bermatze aldera, isolamendu akustikoa izango duten pladur tabike berria eta sabai faltsua eraikiko dira. Sartu-irtena egiteko atea eta ikus-lotura ez galtzeko leihoa izango ditu. Lurra ere berritu egingo da.
0 eta 1 urte bitarteko gelek 30 m2 inguru izaten jarraituko dute. Bertan antolamendua aldatuko da, paretak margotuko dira, eta sistema elektrikoa eta argi sistema eguneratuko dira.