GETXO. Udalerriko espazio publikoak birgaitzeko lanetan darrai Getxoko Udalak. Oraingo honetan, Areetako auzoan kokatutako Bizkaia Zubia plazako komun publikoen txanda da. Udalak 143.000 euroko aurrekontua bideratuko du lan horiek egin ahal izateko. Komunen inguruan hesiak jarriko dira, geroago egungo ekipamendua osatzen duten osagai guztiak eraisteko. Aurreikusita dago lanek hamar asteko iraupena izatea.
Birgaitze-proiektuaren eta -obraren bidez, nabarmen hobetu nahi dira lurpeko komun horiek. Horretarako, ahalik eta funtzionaltasun handieneko diseinua egin nahi da, herritarren erabilera erosoagoa izan dadin, kalitate arkitektonikoa izan dezaten, iraunkortasun handia izan dezaten, garbitzeko eta mantentze-lanak egiteko erraztasuna izan dezaten, eta eraikina osatzen duten materialak eta elementuak erraz berritu daitezen.
Bestalde, proposatu den soluzioak, komunen erreforma integralaz gain, kanpoko jarduketa bat proposatzen du, haien barnealderainoko irisgarritasuna konponduz, plazari eta Bizkaia Zubiaren inguruari ahalik eta kalterik txikiena eginez. Halaber, proiektuak aurreikusten du komunen barruko altuera librea handitzea.
Ekipamendu berriak, bere garaian aurreratu bezala, bi sexuetarako komun bereiziak izango ditu, eta horiei ezgaitasuna dutenentzako komun misto bat gehituko zaie, haurtxoentzako aldagailu bat izango duena.
Lanek dirauten bitartean eragozpenak arintzeko, behin-behineko komun-ontzien modulu bat jarri da plazaren albo batean, herritarrek erabil dezaten, gaur bertan erabili gabe geratu direnen alternatiba gisa.