BILBO. Hurrengo larunbatean, hilak 25, Santimamiñe eguna dela eta, kobazuloaren kanpoaldean garatuko den programa berezia egingo da. Honen helburua haitzuloko pinturen ganberaren aurkikuntza, bertako ikerketen hasiera eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu izana gogoratzea da. Egingo diren ekintzen artean Historiaurreko soinekoei buruzko erakustaldi tailerra eta kontzertu bat aurkitzen dira.

Tailerra 12:15etan izango da, ordubeteko iraupena izango du eta Mikel Agirre Ruiz de Gopegi arkeologoak gidatuko du. Tailerrean larruak lortzeko eta ontzeko teknikak eta prozesua azalduko dira. Adibidetako bat josteko hariaren elaborazioa, tendoietatik abiatuta lortzen zena, eta josteko eta mozteko eta karrakatzeko tresna erabilgarriak ekoizteko beharrezkoak ziren orratzak eta hezurrezko puntzoiak egitea izango da.

Jantziak egiteko erabilitako material, teknika, estilo eta moda guztiek lotura estua izan dute historian zehar klimarekin, geografiarekin eta, batez ere, jantziak egin eta erabili zituzten giza taldeen gizarte-osaerarekin.

Erakustaldian arkeologoak Historiaurrean garatu ziren gaitasun eta teknika handiak azalduko ditu, baita oraindik erabiltzen ditugun jantzi mota batzuen jatorri urruna ere: mokasinak, alkandora arinak, parkak, anorakak, etab.

Tailerraren ondoren, "Herri musikaren harribitxiak" kontzertua izango da. Aitor Urkizak eta Iker Alvarezek osatutako bikoteak errepertorio tradizional eta herrikoiko lanak eskainiko ditu, formatu txikian, eta estilo eta jatorri ezberdinetako musika piezak uztartuko dituzte, musika tresna tradizionalak erabiliz eta euskal kantutegi herrikoia, musika zelta, tangoa, balsa eta dantzarako piezak joz.

Edukiera mugatua denez, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, 944 651 657 telefonoaren bidez edo santimamine@bizkaia.eus helbidera mezu bat bidaliz. Halaber, 12:00etan informazio-gunera joan beharko da; musukoa nahitaez erabili beharko da eta gutxieneko distantzia gordetzeko gomendioa zaindu.