2020rako aurrekontua

Milioi bat euro bideratuko du Bizkaiak bosgarren edukiontzia ezartzeko

Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa 60.000 eurokoa izango da 20.000 biztanletik beherako udaletan

27.12.2019 | 14:02

BILBO. Gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiak 2020rako aurrekontua onetsi du. Bertan, beste gastu askoren artean, hondakinen konpostajea sustatzeko bosgarren edukiontziaren ezarpenerako milioi bat euro bideratuko dutela ezaguarazi da.

Horiekin lau jarduketa mota finantzatuko dira: lehenik, edukiontziak, konposta egiteko poltsak, etxeko ontziak eta edukiontzietara sartzeko giltzak erostea; bigarrenik, etxeko eta erkidegoko autokonposta egiteko makinak eta egituratzailea egiteko birringailuak erostea; hirugarrenik, erkidegoko konposta egiteko prozesua kontrolatzeko laguntza teknikoa eta, laugarrenik, sentsibilizazio kanpainak egitea hondakin organikoen gaikako bilketa ezartzeko eta hondakinen prebentzioarekin zerikusia duten beste ekintza batzuk burutzeko.

Arestion aipatu diren azken bi jarduera horiek —laguntza teknikoa eta sentsibilizazio kanpainak eta hondakinen arloko prebentzio-ekintzak garatzea— laguntza horiek arautzen dituen dekretuan sartu dira berriro, urte batzuetan kopuru ekonomikoa zatiki organikoen bilketa abian jartzeko edo zabaltzeko beharrezkoak diren materialak erosteko erabili ondorik.

Bosgarren edukiontzia ezartzeko diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa 60.000 eurokoa izango da 20.000 biztanletik beherako udalen kasuan, eta 100.000 eurokoa, berriz, 20.000 biztanletik gora dituzten udalen eta mankomunitateen kasuan. Entitate hauek 60 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskabideak, laguntzak arautzen dituen dekretua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Eskabide hori Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, Iraunkortasuna eta Ingurune Natura Zaintzeko Saileko erregistroan edo Foru Erakundearen Erregistro Nagusian aurkez dezakete.

Zatiki organikoen gaikako bilketa hazi egin zen iaz, eta 10.729 tona bildu ziren, hau da, hondakin guztien %1,77ko tasa. Epe ertainerako helburua 25.000 tonara iristea da, hots, hiri-hondakin guztien %4, hau da, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralak ezarririk duen xedea betetzea. Bizkaian gaur egun 1.922 edukiontzi daude bilketa organikorako, eta kopuru hori handituz doa urtetik urtera.