Abiadura kontrolatzeko kanpaina jarriko du martxan Bilboko Udalak
Kontrolak astelehenean hasi eta igandera arte luzatu egingo dira
Oinezkoen zein gidarien segurtasuna bermatze aldera,Bilboko Udaltzaingoak abiadura kontrolatzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan astelehen honetan, maiatzaren 25ean, eta indarrean egongo da datorren igandera arte. Ohi bezala, kanpaina Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren barruan dago.
Horrela, Bilboko Udaltzaingoak egunero batez beste zortzi kontrol egingo ditu kanpainak irauten duen egunetan, urian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radarretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte.
Arreta berezia jarriko da Abusu Ikastolan (Ponton Bidean), ikastetxeko hezkuntza-komunitateak ibilgailuen abiadura handiagatik bide-segurtasunik eza adierazi duelako.
Kasu batzuetan, udaltzainek unean bertan jakinaraziko diote arau-hausleari, kanpaina dibulgaitzailea baita. Horrekin, gidatzean duten erantzukizunaz jabetu daitezela lortu nahi da. Besteetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute.
Bestalde, Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasuneko Dibisioan jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aldez aurretik ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.
Gogoan izan behar da abiadura orduko 30 kilometrora murrizteak zuzeneko eragina duela norbait harrapatzean izaten diren lesioen larritasunean, bai eta heriotza-arriskuan ere, talkaren ondoriozko energia eta balaztatze-distantzia txikiagoak direlako.
Abiaduraren murrizketa hori Bilboko erdigune osoan ezarri zen 2020ko irailean.
Gainera, araudiaren arabera, 2021eko maiatzaren 11tik aurrera, abiadura-murrizketa hauek aplikatzen hasi ziren Estatuko gainerako erkidegoetan: orduko 20 kilometro, galtzada eta espaloia plataforma bakarrean dauden bideetan; orduko 30 kilometro, noranzko bakoitzeko errei bakarra dagoen bideetan; eta orduko 50 kilometro, noranzko bakoitzeko errei bi edo gehiago dauden bideetan.