Astelehen eta astearte honetan, gutxienez, muturreko tenperatura beroengatik alerta horia ezarri dute. Horri aurre egiteko, Bilboko Udalak gida-praktiko bat zabaldu du. Gida hori herritar guztiei bideratuta dago, baina batez ere umeei, adinekoei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, mendeko pertsonei eta osasun-arazoak dituztenei. Batez ere gomendatzen zaie eguzkitan ez paratzeko, likidoak edateko eta berorik handieneko orduetan esfortzu fisikorik ez egiteko.

Gainera, aholku batzuk eman ditu tenperatura handiei aurre egiteko:

  • Likidoak hartu, ura nahiz zuku naturalak -egunean litro 1 eta 1,5 litro artean-, egarririk ez bada ere. Arreta handiagoz jokatu umeen eta adinekoen kasuan.
  • Jaki arinak hartu eta entsalada, barazki eta fruta gehiago jan, izerdiarekin batera galtzen diren gatz mineralak ordezkatzeko.
  • Arreta handiz ibili medikamentuak hartzen direnean, hala nola diuretikoak, psikofarmakoak, hipertentsioaren aurkakoak...
  • Etxea freskoago mantentzeko, jaitsi pertsianak; eta gauez, ireki leihoak.
  • Sarritan freskatu dutxan edo urez bustitako eskuoihalekin, erabili haizagailuak, aire girotua edo abanikoak.
  • Ez irten kalera eguzki handieneko orduetan.
  • Jantzi arropa arinak eta erabili eguzki-babesa eta eguzkitako betaurrekoak.
  • Burua eguzkitik babestu, txano edo kapela batekin.
  • Lagun egiteko animaliek ere ur gehiago hartu behar dute, eta komeni da egunaren erdiko orduetan espazio fresko eta lehor batean atseden hartu ahal izatea.

Sintomak

Gainera, Udalak behin eta berriro gogorarazten du arreta berezia jarri behar dela bero-kolpe baten sintomak agertzen direnean: larruazal gorritua, larruazal bero eta lehorraren sentsazioarekin; minutuko arnasketa kopurua gehitzea eta bihotz-taupada azeleratuak izatea; buruko mina, nekea, zorabioak, goragalea, sukarra; eta egoera mentalaren eta portaeraren nahasmendua, esaterako: bertigoak, zorabioak, desorientazioa, delirioak, nahasmendua edo konortea galtzea.

Ur-jolasak

Bero-bolada eramangarriagoa izan dadin, Bilboko Udalak aurreratu du Guggenheim Museoaren ondoko ur-zorrotadak eta Etxebarria Parkeko haur-gunekoak martxan jarriko direla (hasiera batean ekainaren 1erako aurreikusita zegoen).

Babesleku klimatikoak

Bilboko Udalak, gainera, biztanleak muturreko tenperaturetatik babesteko edo arintzeko baldintza egokiak dituzten ekipamendu edo espazioak ditu, baita muturreko beroak osasunean dituen ondorio negatiboak arintzeko ere.

Bilbok 134 babesleku klimatiko dauzka gaur egun. 68 barrualdekoak dira eta 66 kanpoaldekoak. Bilboko biztanleriaren % 96 horietako batetik 300 metro baino gutxiagora dago, eta % 43 100 metro baino gutxiagora.

Barruko babesleku klimatikoak dira liburutegiak, udaltegiak, kirol ekipamenduak, garraiobideen geltokiak, museoak, erakusketa-aretoak eta merkataritza-zentroak, besteak beste. Eraikinok, oro har, hoztuta egoten dira eta ura izaten dute, eta egoteko, freskatzeko eta tenperatura handiek eragiten duten neketik oneratzeko aukera ematen dute.

Kanpoaldeko babesleku klimatikoak, ostera, uriko berdeguneak izaten dira, daukaten landaretza eta gerizpe ugariak direla-eta pertsonen sentsazio termikoa hobetzen dutenak, bero handiko egunetan babes naturala eskainiz. Horrez gain, uriko iturriak eta ura daukaten espazioak ere lagungarriak izan daitezke beroaren kontra, freskatzeko eta hidratatzeko.

Leku horiek bereziki erabilgarriak eta gomendagarriak dira biztanleria ahulenarentzat, babestu ahal izango baitira eta bero-kolpe bat saihestu, muturreko kasuetan okadak, taupadak, kontzientzia-galera edo heriotza eragin baititzakete, batez ere haur edo adineko pertsonengan, muturreko tenperaturak jasateko gaitasun gutxiago izaten baitute.