Bilboko Udalak konpromiso irmoa du 2030 Agendarekin eta garapen jasangarrirako helburuak (GJH) hirian kokatu eta ezartzearekin. Konpromiso hori Bilbo Jasangarria: 2030 Agenda eta GJHak estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia hori 2023ko martxoan onartu zen, eta hirian GJHak ezartzeko abiadura bizkortzea eta Bilbo garapen jasangarriaren mundu mailako erreferente bihurtzea du helburu. Testuinguru horretan, Bilboko Udalak 2030 Agendaren lehen gosaria antolatu du goizean, eta, gaurkoan, hirugarren sektoreko eragileekin kalitatezko elkarrizketak piztea izan du helburu.

Estrategiak Bilbo gizatiarragoa, bizigarriagoa, inklusiboagoa eta berdinzaleagoa planteatzen du 2030eko zeruertzean, eta, horretarako, pertsonak erdigunean jartzen dituen eta inor atzean geratzen ez dela bermatzen duen epe luzerako eraldaketa-proiektu bat bultzatzen du. 2025-2027 aldirako ekintza-planak 5 ardatzen inguruan antolatzen du prozesua, eta, ardatz horien artean, nabarmentzekoa da 1. ardatza, Herritar kontzienteak, aktiboak eta protagonistak sortzea izenekoa. Ardatz horrek argi azaltzen du garapen jasangarria, neurri handi batean, herritarren eguneroko erabaki eta ekintzen mende dagoela, eta, horregatik, sentsibilizazioa, informazioa eta partaidetza aktiboa sustatzen ditu.

Hirugarren sektoreko eragileekin Bilboko Udalaren 2030 Agendaren lehen gosaria. B. U.

Gosaria

Lehenengo gosari hau demokraziaren eta herritartasun aktiboaren gaiaren inguruan egituratu da. Bada, topaketak kalitatezko elkarrizketak piztu ditu; eragileen arteko konfiantza sendotu du, eta lankidetza-bideak zabaldu ditu, tokian tokitik GJHak betetzeko helburuan aurrera egiteko. Elkarguneak ikuspegi estrategikoa, eragile anitzen arteko elkarrizketak eta herritarren partaidetza uztartu ditu, eta komunitatean oinarria duten ekimenen eta hirugarren sektoreko erakunde finkatuen ekarpenen garrantzia nabarmentzen du.

Gosariak plataforma egonkor izan nahi du, tokiko eragileen sarea indartu, eragileon ikusgarritasuna bultzatu eta balioetan oinarritutako gobernantza irekiagoa eta parte-hartzaileagoa sustatzeko asmoz. Saioa dinamikoa eta hurbilekoa izan da; mahaietan egituratu da, eta partaidetza handia egon da: hitzartze inspiratzaileak eta elkarrizketarako eta entzuteko espazioak konbinatu ditu. Elkarteak, fundazioak, hirugarren sektoreko boluntarioen plataformak, boluntarioak, auzoetako, kolektiboetako eta sareetako eragile komunitarioak eta Udaleko zenbait sail adierazgarri izan dira, besteak beste, parte-hartzaileak.