Maiatzaren 19an 89 urte beteko dira Galdakaok 1936ko Gerran jasan zuen bonbardaketa lazgarrienetik. 1937an, Francoren agindupean zebiltzan hegazkinek egindako eraso hark Plazakoetxeko babeslekuan babesten ari ziren 16 lagunen heriotza eragin zuen. Urtero bezala, Galdakaoko Udalak hainbat oroitzapen ekintza antolatu ditu, biktimen memoria bizirik mantentzeko eta herriaren memoria historikoa berreskuratzeko lanari jarraipena emateko.

Gaur egin den egitaraua aurkezteko agerraldia Galdakao Gogora eta Intxorta 1937 memoria elkarteekin lankidetza hitzarmena sinatzeko aprobetxatu da. Akordio honen helburua Gerra horren baitan erbesteratutako Galdakaoko haurrei buruzko informazioa ikertzeko eta biltzeko lan bateratua bultzatzea da.

Topaketan Galdakaoko alkate Iñigo ArriandiagakGaldakao Gogorako ordezkari Kepa Lizarragak eta Yolanda Larreak eta Intxorta 1937 kultur elkarteko ordezkari Juan Ramon Garaik parte hartu dute.

Arriandiagak gogorarazi duenez, “Udalaren betebeharra da, eta bizi dugun garaian are gehiago, memoria lantzea, beti egongo baita zer ikertu, zer argitu…”. Zentzu horretan, elkarteei euren lanagatik eskerrak eman dizkie, bereziki Galdakao Gogorari, zeinak, gainera, “era boluntarioan lan egiten du; harekin lankidetzan aritzea benetako luxua da”.

Bi erakundeek arlo horretan egiten duten lanari dagokionez, duela urte batzuk hasitako memoriaren ibilbidea aipatu du, hainbat toki esanguratsuetan plakak dituena, hala nola Gandasegin eta Plazakoetxen. Halaber, gertakari tragiko haiek oroitzeko argitaratutako liburuxka ere gogora ekarri du, gerraren ondorioak lehen pertsonan bizi izan zituzten galdakoztarren testigantzekin, jada zendua den Kontxi Belandiarena esaterako.

Azkenik, alkateak aurtengo egitarauaren barneko “berezitasuna” ere aipatu du, Intxorta 1937rekin sinatutako lankidetza hitzarmena, hain zuzen: “ohorea da betiko markatu gintuen pasarte hura bizirik mantentzeko lanean jarraitzea; memoria lantzea ezinbestekoa da aurrera egiteko”, esan du.

Bere partez, Larreak prestatu den egitarau osoa zehaztu du, eta Lizarragak Galdakao Gogora elkarteak egiten duen lana azaldu du, zeina “Udalaren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke”. Gainera, “urte luzez isilik egon diren pertsonei” dei egin die, Intxorta 1937rekin elkarlanean egiten ari den lanari erreferentzia eginez.

Horren harira, Garaik “erbesteratu zituzten pertsonen xehetasun guztiak aztertzea” dela euren lana adierazi du, “adina, nola bizi izan ziren, nora joan ziren eta abar jasoz”, helburua “ahalik eta ondare osatuena lortzea” baita. Horretarako, egiten ari diren “artxibo lan handia ez da nahikoa; funtsezkoa da elkarteekin eta komunitatearekin lankidetzan aritzea”, aitortu du.

Oroitzapen ekintzak

Programatutako ekitaldietako lehena maiatzaren 17an izango da, igandez, Galdakao Gogorak antolatutako Galdakaoko Burdin Hesiaren gaineko bisita gidatuarekin. Irteera Kurtzeko plazatik izango da, 09:00etan, eta ibilbidean zehar herriko garai hartako defentsa aztarnak ezagutzeko aukera izango da.

Maiatzaren 19an, asteartea, Plazakoetxen egingo da ohiko omenaldia, 12:00etan, garai hartako hegazkinen erasoen aurkako babeslekuaren ondoan. Udalak bonbardaketaren biktimen eta gerraren ondorioak jasan dituzten guztien oroimenez lore eskaintza egingo du. 

Galdakao Gogorarekin eta Intxorta 1937rekin hitzarmena sinatu du Udalak. G. U.

Egun berean, 19:00etan, Katixa Agirreren ‘Barne zerbitzuak eleberriaren aurkezpena izango da Torrezabal Kultur EtxeanGaldakao Gogoraren eskutik. Lanak 1937 eta 1943 urteen arteko garaia islatzen du, 1936ko Gerraren eta Bigarren Mundu Gerraren testuingurua, eta beren bizia arriskuan jarriz beste askoren bizitza salbatzen lagundu zuten emakumeak ditu ardatz.

Bestalde, hiru erakundeen arteko akordioaren baitan, gerra umeen zerrenda osatzen hasiko da. Oraingoz zerrendatuta dauden pertsonen izenak ikusteko eta beren ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek Udalaren webgunean gaitutako atalaren bidez.

Galdakaoko Udalak, Galdakao Gogorak eta Intxorta 1937k  antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen dituzte herritar guztiak, baita herriaren memoria historikoa berreskuratu eta zaintzeko hirurek abiatu duten ekimenean laguntzera ere.