Astelehen honetatik aurrera, apirilaren 27a, Unamuno plazan kokatutako Bilboko Udalaren Herritarrentzako Bulegoak etxebizitza-alokairuen erreferentziazko prezioen indizeak nola funtzionatzen duen jakiteko aholkularitza eta orientazioa eskainiko ditu, etxebizitza-leihatila bakar gisa. Bilbon indize hori indarrean dago jada.
Adierazle horrek aukera ematen du lehen aldiz alokatzen diren, bost urtez merkatura atera gabe dauden edo edukitzaile handiek (bost pisu edo gehiago dituzten jabeak) kudeatzen dituzten pisuen prezioa mugatzeko.
Eremu tentsionatuak Bilbon funtzionatzen hasi eta sei hilabetera aktibatu da indizea. 2023ko Etxebizitzaren Legean jasotako neurrietako bat da eta eremu tentsionatu izendatutako udalerrietara mugatzen da, hala nola Bilboko barruti guztietara.
Yolanda Díez, Etxebizitzako zinegotziak gogorarazi duenez, “adierazle honek etxebizitza bakoitzari aplika dakiokeen prezio-tarte bat ezartzen du, bai eta jabeak etxebizitzaren alokairuari jar diezaiokeen gehieneko tartea ere. Etxebizitza Bulegoak orientabideak eman ahal izango dizkio jabeari bere etxebizitzaren alokairua gehienez ere zein preziotan jar dezakeen, etxearen ezaugarriak kontuan hartuta”.
Alokairua
Era berean, hirian etxebizitza bat alokatzeko interesa duten pertsonei aholkuak emango dizkiete, neurri horrek nola eragin diezaiekeen jakin dezaten.
2025etik hona, Bulegoak kontsultei ere erantzuten die, eta etxebizitzarekin lotutako edozein gairi buruzko orientazioa eskaintzen du: birgaikuntzarako laguntzen izapideak, etxebizitza publikoaren eskuraketa, alokairu-bitartekaritzari buruzko orientazio juridikoa, etxetik kaleratutako pertsonentzako baliabideak.
Unamuno plazako 3. zenbakian dago eta astelehenetik ostiralera irekita dago 09:00etatik 14:00etara. 944 02 33 93 telefonoaren edo areavivienda@bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez ere egin daitezke kontsultak.