Astelehen honetan goizean, apirilaren 27an, BilbaoArte ekoizpeneko zentroa sustatzeko lankidetza-akordio berri bat sinatu dute Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Kulturako Zuzendaritzaren bitartez. Horren helburua artisten profesionalizazioaren jarraipena eta haien sorkuntza-prozesuen garapena bultzatzea da.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Kulturako Zuzendaritzaren bitartez, lankidetza-akordio berri bat aurkeztu dute gaur, BilbaoArte arte ekoizpeneko zentroa sustatzeko. Erakunde arteko lankidetza-ekimen honi esker, artisten profesionalizazioaren jarraipena eta haien sorkuntza-prozesuen garapena bultzatzen dira.

Hitzarmen honek 80.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ezartzen du foru-entitatearen aldetik, 2026-27 aldirako ekoizpenerako laguntzen proiektuaren zati bat finantzatzeko, zehazki, 11 proiektu artistiko ontzeko, BilbaoArten estudio bat lagatzearen modalitatean.  Oraingo honetan, zenbatekoa 30.000 euro gehitu da aurreko ekitaldiarekin alderatuta (50.000 eurokoa izan zen).

Gaur goizean prentsaurreko bat egin da Bilboko Udaletxean, erakundeen arteko lankidetza-ekimen hau aurkezteko. Honako hauek egon dira: Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia; Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua; eta Helena López, BilbaoArteko zuzendariordea.  

Gonzalo Olabarriak gogorarazi duenez, "Bilbo bezalako hiri batean, non kulturak –eta, bereziki, arteak– garrantzi handia duen, beharrezkoa da erakundeok ahalegina egitea gure artistak zaintzeko: hemen jaio direnak, kanpotik etorri eta hemen finkatu direnak, eta BilbaoArtera etorri eta ondoren alde egin dutenak, BilbaoArten ikasitakoari eta egindakoari balioa emanez. Inplikatutako eragile guztien artean lor dezagun ekoizpen artistikoko zentro honek etorkizun bikaina izatea eta mundu osoan erreferente handi bat izaten jarraitzea".

Era berean, azaldu duenez, "Udalean badakigu kulturak aberastasuna eta lana sortzen dituela. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batzen gaituen ekimen hau babesten jarraitu behar dugu, BilbaoArtek hazten eta eboluzionatzen jarrai dezan, bere profesional- eta artista-taldeak egiten duen bezalaxe".

Leixuri Arrizabalagak, bere aldetik, azaldu du "lankidetza horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak zuzeneko onura bilatzen du artistentzat, eta horrek ere gizarte osoari egiten dio mesede. Zenbateko ekonomikoak handitzeaz gain, lan artistikoaren bidezko ordainsari profesionala bermatuko duen eredu baten alde lan egiten dugu, beste edozein lan-jardueraren aintzatespenarekin parekatuz. Gure ustez, sortzaileen baldintzak hobetuz danok irabazten dugu: arteak presentzia, egonkortasuna eta balioa irabazten dituelako gure bizitzetan".

Erakundeen laguntza erreferentziazko espazio batentzat

Akordioari esker, artista egoiliarrentzako laguntza ekonomikoen iraupena bermatzen da, eta estudioak, etxebizitza, azpiegitura teknikoak eta aholkularitza profesional pertsonalizatua eskuratzea ziurtatzen da, besteak beste. Baldintza orokor horiek aukera ematen diete artistei sorkuntza-jardunean dedikazio handiagoa eta hobea izateko. Baliabide-multzo horrekin, Europako arte-munduaren lehen lerroan kokatzen da BilbaoArte; sorkuntza garaikiderako erreferentzia-espazio gisa finkatu da hasieratik, duela 27 urtetik. 

Gaurko aurkezpenean dauden erakundeek –Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak– egindako jarduketak batuta, eta Eusko Jaurlaritzak eta BBKk (haiek ere arte ekoizpeneko zentroaren bultzatzaile) egindako ekarpenak kontuan izanik, errealitate bihurtzen dira beka-proiektuen oraina eta geroa, artisten eta nazioarteko erakundeen trukaketak, egonaldiak eta sorkuntzarako laguntzak, BilbaoArte Fundazioak garatuak.

Ahaleginak bateratzeko konpromiso instituzional hau funtsezkoa da talentua erakartzen laguntzeko, berrikuntza bultzatzeko eta tokiko talentua sustatzeko. Hori guztia, laguntza hauen helburua ahaztu gabe, alegia, artista guztiak arte-sektoreko profesionalak izatea.

Herrialde, adin eta prestakuntza desberdinetatik datozen artistek BilboArte bezalako zentro batean duten elkarreragina lagungarria da haien proiektuak sendoagoak izan daitezen eta urrunago irits daitezen. Artisten bizi-baldintzak eta sorkuntza zuzenean hobetzeak ekoizpen artistikorako baldintza hobeak dakartza: baliabide gehiago izatean, denbora, egonkortasuna eta profesionalizazioa ere hobetu egiten dira.

Talentua sustatzeko laguntzak eta egonaldia

Ikasturte honetan, 12 artista ari dira laguntzak jasotzen, hainbat modalitatetako proiektu artistikoak gauzatzeko: estudio baten lagapena Urazurrutiako instalazioetan; "Silver" laguntza, 50 urtetik gorako sortzaileei zuzendua; eta "EHU" laguntza, unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko ikasleentzat soilik.

Laguntzetan, hauek sartzen dira: 14.300 euroko laguntza ekonomikoa, Bilbon kokatutako bizileku bat (gastu arruntak barne), tailerretara sartzea eta bertako irakasleen aholkularitza teknikoa jasotzea, BilbaoArteko lantaldearen akonpainamendu profesionala, eta ikasturtean zehar antolatutako prestakuntza-ikastaroak dohainik egitea.

Gainera, duela egun batzuk, BilbaoArtek 2026-27 aldirako ekoizpenerako laguntzen deialdia argitaratu du, estudio-lagapenaren modalitatean, 11 proiektu artistiko egiteko. Deialdia maiatzaren 10era arte egongo da zabalik. 2026ko irailetik 2027ko uztailera bitartean garatuko da.