Gizakunde Elizan egindako bi kontzertuek hasiera eman diete datorren astelenera arte luzatuko den, martxoaren 30era arte, 'Aromas Sagrados' lelopean ospatzen ari den BAS, Bilbao Arte Sakroa jaialdiari.

Jaialdiaren inaugurazioa martxoaren 26an, ostegunean, izan zen, Accademia del Piacere taldearen eskutik, Fahmi Alqhairen zuzendaritzapean. Taldeak “Romances. Entre Oriente y Occidente” programa aurkeztu zuen. Proposamenak musika-tradizio desberdinen arteko elkarrizketa eskaini zuen, jatorri arabiarreko eta mendebaldeko errepertorioak uztartuz, eta flamenkoko zein musika andalusiarreko elementuak txertatuz.

Atzo, martxoaren 27an, ostiralean, Près de votre oreille ahots- eta instrumentu-taldeak hartu zuen lekukoa agertokian, Robin Pharoren zuzendaritzapean. Taldeak “Lighten mine eies” programa interpretatu zuen, osorik William Lawes konpositore ingelesaren obrari eskainia. Kontzertuak haren konposizioen ibilbide bat eskaini zuen, bereziki harparen presentzia eta hiru ahotserako eta baxu jarraiturako musika nabarmenduz.

Martxan da BAS, Bilbao Arte Sakroa jaialdia. B. U.

Jaialdiak gaur, martxoaren 28an, larunbatean, jarraituko du Ricercar Consort taldearen emanaldiarekin; taldeak “Larmes de la Vierge” programa interpretatuko du. Igandean, martxoaren 29anForma Antiqva taldearen txanda izango da, “Sancta Ovetensis” programarekin. Jaialdiaren itxiera martxoaren 30ean, astelehenean, iritsiko da, I Gemelli taldearen kontzertuarekin; taldeak amaiera emango dio edizio honi “Todos los perfumes del Líbano” programarekin.

Kontzertu guztiak 19:30ean egingo dira Gizakunde Elizan.

Sarreren salmenta

Sarrerak salgai daude dagoeneko, 10 euroko prezioarekin, eta Arriaga Antzokiko leihatiletan eros daitezke ohiko ordutegian. Halaber, Arriaga Antzokiaren eta Musika-Música Bilbaoren webguneetan erosi ahal izango dira, baita elizan ere, kontzertu bakoitza baino ordubete lehenago.