Bilbok 'Tximeleten oasiak' indartu ditu parkeetan
'Tximeleten oasiak' Sarrikoko Salestarren lorategietan, Abusuko Ibaieder parkean eta Iralako Eskurtze parkean daude.
Gurutze Gorriak indarrak batu ditu Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun sailarekin Zerynthia elkarteak sustatutako 'Tximeleten oasiak' proiektua garatzeko. Horrela, Udalak hiri-biodibertsitatearen aldeko apustua indarttzen du. Helburua da hiri-inguruneetan tximeletak eta beste intsektu polinizatzaile batzuk egotea da.
Tximeleten oasiak leku hauetan daude: Sarrikoko Salestarren lorategietan, non martxoaren 11n landaketa bat egin zen; Ibaieder parkean, Abusun, martxoaren 13an (barikua), egin zen landaketa; eta, azkenik, atzo, Eskurtze parkean, Iralan. Espazio horiek lehendik ere baziren parke horietako lorategiak. Orain egin dena izan da tximeletak eta beste intsektu polinizatzaile batzuk elikatzen eta ugaltzen laguntzen duten landare-espezieak landatu.
Kontserbazioa eta sentsibilizazioa
Tximeletek, beste intsektu polinizatzaile batzuk bezala, bereziki nabaritzen dituzte ingurunearen alterazioak. Espezie horiek hiri-inguruneetan dituzten mehatxu nagusietako batzuk euren habitatak galtzea edo degradatzea, pestizidak erabiltzea eta hirigintza-prozesuen inpaktua dira.
Javier Garaizar Bizkaiko Gurutze Gorriko Ingurumen arloko zuzendari eta boluntarioa da, eta beraren hitzetan "esku-hartze txikiak eginda, halakoxeak dira gure landaketak, hiri-parkeak espazio biziagoak eta ekosistemen orekarako baliotsuagoak diren espazio bihur ditzakegu".
Ekimen horren helburua da biodibertsitatea herritarrengana hurbiltzea eta ziklo naturalekiko errespetua sustatzea. Espazio horien bitartez, polinizatzaileek ekosistemetan duten zeregina ikusi ahal izango dute bisitariek, eta hobeto ulertu ahal izango dute ingurumen-orekarako duten garrantzia.
Nora Abete alkateorde eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak nabarmendu duenez, "horrelako ekimenek natura auzoetara hurbiltzen eta herritarren eta hiriko berdeguneen arteko lotura indartzen laguntzen dute". Gainera, gogorarazi du tximeletak eta beste polinizatzaile batzuk hiri-parkeen ingurumen-kalitatearen adierazle ere badirela.
Biodibertsitateari mesede egiten dioten espazioak
Tximeleten oasiak eremu eguzkitsuetan kokatu dira, haizetik babestuta; izan ere, baldintza horiek intsektu horien ugalketa eta babeslekua errazten dute. Oasi horietan Bilboko klimara egokitutako espezie autoktonoak landatu dira, hala nola erromeroa, ezkaia, erruda usaintsua edo mihilua, tximeleta helduentzako zein beldarrentzako elikagai gisa balio dutenak.
Era berean, ez dira espezie exotikoak landatuko, oreka ekologikoa babesteko eta tokiko florari laguntzeko. Lehenengo hilabeteetan, landareen hazkuntza errazteko ureztatze egokia bermatuko da; ondoren, espezie autoktonoak direnez, modu naturalean garatu ahal izango dira. Espazio horien mantentze-lanak eta jarraipena Gurutze Gorriko boluntarioen ardura izango dira, eta aldian behin ikuskatzeak egingo dituzte landarediaren hazkundea eta oasiaren egoera gainbegiratzeko. Gainera, zurezko markoak jarri dira landaketak babesteko eta egon litezkeen kalteak saihesteko.