Síguenos en redes sociales:

KIUBek 7.023 kontsulta erantzun zituen iaz

Erreklamaziorik gehien telefoniaren, bankuen, energiaren, aireko garraioaren eta bidaia-agentzien sektoreek izan zituzten

KIUBek 7.023 kontsulta erantzun zituen iazB. U.

Astelehen honetan goizean, martxoaren 16an, Bilboko Udaleko Osasun eta Konstumo sailak Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoaren (KIUB) jardueraren 2025ko balantzea aurkeztu dute. Guztira 7.086 kontsulta, 1.286 erreklamazio eta 21 kontsumo-ikuskapen kudeatu zituen.

Álvaro PérezBilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak gogorarazi duenez, "Bilboko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak hurbileko zerbitzua eskaintzen du, oso baliagarria dena kontsumitzaileentzat, haien eskubideak babesteko". Bulegoaren lanak, gainera, "harrera ona du eta emaitza oso onak lortzen ditu bere bitartekaritza-zerbitzuan, datuek erakusten duten bezala, urtez urte hobetzen baitira".

2025ean, kudeaketa horiek kontsumitzaileen aldeko emaitzak ekarri zituzten, egindako erreklamazio guztien % 60an, aurreko urtean baino ehuneko bi puntu gehiago. Zehazki, bankuen sektorean, 135 espedientetan egin zuen bitartekaritza-lana KIUBek, eta 51.603 euro berreskuratu zituen kontsumitzaileentzat. KIUBen lanari esker, kontsumitzaile askok ez zuten auzitegietara joan beharrik izan dirua berreskuratzeko. Aireko garraioaren sektorean 61 bitartekaritza-jarduketa egin ziren, eta 26.211 euro berreskuratu ziren.

Erreklamazioak, sektoreka

2025ean jarri diren erreklamazioen xede diren sektoreei dagokienez, telefonia izan da berriro erreklamazio gehien izan dituen sektorea (guztizkoaren % 14), eta ondoren bankuak (% 13), energia (% 10), aireko garraioa (% 7), bidaia-agentziak (% 7), ibilgailuen salmenta- eta konponketa-zerbitzuak (% 5) eta larrialdietako zerbitzuak eta etxeko konponketak (% 3). 

Telefoniaren sektoreko erreklamazioei dagokienez, arrazoi nagusia fakturazio-arazoak izan dira. Bankuen sektorea, ordea, seigarren postutik bigarrenera igo da 2025ean, eta hori hipoteka-gastuak berreskuratzeko erreklamazioek eta finantzatutako erosketengatik jarritakoek eragin dute. Bilboko KIUBen bitartekaritza-lanari esker, kontsumitzaileek 51.000 euro baino gehiago berreskuratu ahal izan dituzte hipoteka-gastuei dagokienez.

Aire-garraioaren eta bidaia-agentzien sektoreetan, arrazoi nagusiak atzerapenak eta bertan behera uzteak dira oraindik ere, baita hotelen kategoriatik eratorritako arazoak ere.

Ibilgailuen salmenta- eta konponketa-zerbitzuen aurka erregistratutako erreklamazioei dagokienez, berme-aldia ez betetzea da arrazoi nagusia. Auto berrien prezioen igoera itzelaren ondorioz, bigarren eskuko ibilgailuen salmentak izugarri igo dira. Eta horietan bermea urtebetekoa da. Azkenik, etxeko premiazko konponketei eta zerbitzuei buruzko atalean, sarrailak irekitzearen, etxetresna elektrikoak konpontzearen eta abarren gehiegizko prezioak nabarmentzen dira.

2025ean kontsumoko 21 ikuskapen egin ziren, 2024an baino bat gehiago. Jarduketa horietako gehienak, hamabost guztira, Kontsumobidek programatutako hiru kanpainatan kokatu ziren; gainerako seiak, berriz, KIUBek izapidetutako erreklamazioetan oinarrituta egin ziren, gehienak ostalaritzaren sektoreari buruzkoak.

Formazioa eta hezkuntza

2025ean prestakuntza eta hezkuntza saioak egin ziren Bilboko ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan, esaterako, Hezkuntza-zirkuitua eta Kontsumo arduratsua eta jasangarria. Aurten 29 ikastetxetako 1655 ikaslek hartu dute parte.

Halaber, Elikagaien segurtasunari buruzko tailerrak egin ziren, eta, horren osagarri, udal-laborategira bisita egin zen, batxilergoko osasun-adarreko ikasleentzat. Bisita horretan 17 ikastetxek eta 391 ikaslek parte hartu zuten.

'Ezer ez' antzezlana ere antzeztu zen, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (3 eta 6 urte bitarteko haurrak), euskaraz edo gaztelaniaz. Aurten, 8 ikastetxetako 690 ikasle bertaratu ziren.

KIUBen eskumenak eta zerbitzuak

KIUBak, 2006. urteaz geroztik Zerbitzuen Agiria dauka eta haren bidez, ematen dituen zerbitzuak eta bere konpromisoak jakinarazten dizkie Bilboko herritarrei, zerbitzuok hobeto emateko eta kudeaketa gardenagoa egiteko helburuz.

KIUBek ematen dituen zerbitzuei buruz herritarren iritzia jasotzeko inkestek emaitza onak izaten dituzte. Nabarmentzekoa da telefono bidezko arreta-zerbitzuak (944204600 telefono-zenbakia) jaso duen balorazio bikaina, kontsumo-kontsultetan emandako informazioaren kalitateagatik eta arreta jasotzeko itxarote-denbora laburragatik. Aurrez aurreko kontsultetarako aurretiko hitzordua kentzeak ere balorazio ona izan du. Kontsultetarako ordutegia hau da: 8:30etik 14:00etara neguan, eta 8:30etik 13:00etara.

KIUBek zerbitzu hauek ematen ditu: kontsumo-eskubideei buruzko oinarrizko aholku eta orientazio juridikoa; kasu partikularrak analizatzea eta baloratzea eta, hala balegokio, erreklamatzeko eskubidea; erreklamazioen erregistroa; kontsumoari buruzko informazio osagarria; debekatuta edo eragotzita dauden produktuen eta zerbitzuen gaineko informazioa (alertak).