Aurreko edizioak izandako harrera ezinhobea kontuan izanda, Bilboko Udalak martxan jarriko du 'Patio Irekiak' zerbitzuaren edizio berri bat. Oraingo honetan Bilboko bi ikastetxe gehituko zaizkio iaz parte hartu zutenei: San Inazio HLHI eta Birjinetxe HLHIk.
Eider Bilbao Bilboko Udaleko Hezkuntza Arloko zinegotzi delekatuak gogorarazi du ekimen honek familien eta auzo-elkarteen eskaerari erantzuten diola: “eskola-patioko 100.000 metro karratu baino gehiago ditugu – berdeguneak, kirol-instalazioak eta jolasguneak –, eta merezi du balioa ematea eta herritarrei irekitzea. Familiek eta auzoek eskerrak eman zizkiguten joan den ikasturtean, eta ildo horretan urratsak ematen jarraitu nahi dugu”.
Hazten ari den zerbitzua
Programak, ikastetxeak gehitzeaz gain, taldea indartzen du. 2025ean bi eskola-patio ziren eta hiru gaztek parte hartu bazuten, aurten lau eskola-patio izango dira, eta bederatzi pertsona tituludunak hezkuntza- eta gizarte-arloan. Alde horretatik, pertsona horien kontratazioak Bilbao Ekintzaren bidez egiten dira, "Lehen esperientzia profesionala administrazio publikoan" programaren barruan, Lanbiderekin lankidetzan, eta horrek gazteen enplegagarritasuna errazteko aukera ematen du.
Bestalde, ordutegia ere luzatu egin da, batez ere asteburuetan, iazko erabiltzaileek askotan egindako eskaerari erantzunez. Hala, jardueren ordutegia honako hau izango da:
- Ostegun eta ostiraletan: 16:30-19:30
- Larunbat eta igandeetan: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00
Zerbitzua abian da eta 2026ko ekaineko azken astera arte iraungo du.
Eskola-patioak elkarbizitzarako gune gisa
'Patio irekiak' proiektuaren helburua da eskola-espazioak haur, nerabe eta familientzako topaleku gisa funtzionatzea, eskola-ordutegitik harago. Eider Bilbao Bilboko Udaleko zinegotziak azpimarratu duenez, eskola-patioak ez dira soilik eremu fisikoak, “espazioak ere hezten du. Hirugarren maistra da, irakasleekin eta familiekin batera. Auzora zabaltzen direnean, oso azpiegitura sozial baliotsua bihurtzen dira”.
Aipatzekoa da iazko edizioak emaitza oso positiboak izan zituela, eta ekimena Innovation Awards sarietan ere aurkeztu zela. Bertan, gizarte-kohesioari eta erabilera komunitariorako hezkuntza-espazioak aprobetxatzeari egindako ekarpena nabarmendu zen.