Bilboko Udalak altuera handiko eraikinak ikuskatuko ditu etxeetako suteak prebenitzeko
Hirian sestra gaineko hamaika solairu baino gehiago dauzkaten 600 bloke baino gehiago daude, eta horiek dira kanpaina honen xedea
Hiriko bizitegi-eraikinen kasuistika aztertzeko eta egoiliarren segurtasuna arriskuan jar dezaketen suteak eta bestelako patologia batzuk prebenitzeko kanpaina bat jarriko du martxan Bilboko Udaleko Segurtasun sailak, Babes Zibileko Zuzendaritzaren bidez.
Babes Zibileko Zuzendaritzak hiriko eraikinak eta establezimenduak ikuskatzeko kanpainak programatzen ditu urtero suteen aurka babesteko instalazioen egoera aztertzeko, informazio garrantzitsua biltzeko eta segurtasunaren arloan hobetzeko gomendioak emateko. Kanpaina horiek barrutien, erabileren, eraikuntza-tipologien edo udalaren datu-baseak eguneratzeko beharraren arabera antola daitezke.
Altuera handiko bizitegi-eraikinen kasuan –hamaika solairu baino gehiago dauzkatenak dira eta Bilbon 600 baino gehiago daude–, ikuskapenak eremuka planifikatzen dira. Bisitetan, higiezinaren datu teknikoak biltzen dira eta, ondoren, txostenak egiten dira auzotarren erkidegoei zuzendutako gomendioekin, balizko larrialdien prebentzioa eta erantzuna hobetzeko.
Hala ere, Babes Zibilak egiaztatu du beti ezin direla komunitateekin harremanetan jarri ohiko bideak erabilita, jakinarazpenak itzultzen direlako edo ordezkarien edo enpresa administratzaileen harremanetarako datu eguneratuak ez dauzkatelako. Egoera horren aurrean, eta prebentzio-lanari uko ez egiteko, Udalak zuzeneko komunikazioa indartzea erabaki du, eraikinen atarietan bertan abisuak jarriz. Abisu horiek aste honetan jarriko dira ikuskapena egin ezin izan den bloke horietan.
Jakinarazpen horien bidez, erkidego horiei gonbidapena egingo zaie ikuskapena beren borondatez eskatzeko; horretarako Babes Zibileko Zuzendaritzarekin harremanetan jarri beharko dute Udal Erregistro Elektronikoaren bidez, eta ikuskapena izapidetzeko datuak eman beharko dituzte.
Segurtasun Sailak nabarmendu du detekzio goiztiarra eta aurrea hartzea funtsezkoak direla arriskuak edo egoera larriagoak saihesteko, batez ere biztanleria-dentsitate handia eta larrialdien kudeaketa konplexuagoa daukaten eraikinetan.