Gurutze Beitia, Begoña Etxebarria, Ibon Areso, Andres Urrutia eta Joaquin Achucarro dira Bilboko ospetsu berriak
Orain arte 128 bereizgarri banatu dira, horien artean hiriaren lau enbaxadore
Gurutze Beitia Basterretxea aktorea; Begoña Etxeberria Madariaga soziologoa; Ibon Areso Mendiguren, Bilboko alkate ohia eta arkitekto urbanista; Andres Urrutia Badiola idazle, notario eta euskaltzainburua; eta Joaquin Achucarro Arisqueta pianista izango dira Bilboko 2025eko Ospetsuen Bereizgarria jasoko duten pertsonak, Juan Mari Aburto alkateak asteazkenean iragarri duenez.
Xehetasunei dagokienez, Gurutze Beitia Basterretxeak izendapena jasoko du “aktore gisa duen talentua eta bere bilbotar umore bereziarekin transmititzen duen alaitasuna” aitortuta; Begoña Etxeberria Madariagaren kasuan, “bere balio pertsonalak eta Bilboko gazteen enplegagarritasuna hobetzeko erakutsi duen konpromisoa” nabarmendu dira.
Bestalde, Ibon Areso Mendiguren “hirigintza eraldaketen sustatzaile nagusietako bat izateagatik, etengabe aldatzen ari den Bilbon”, sarituko dute. Halaber, Andres Urrutia Badiolak izendapena jasoko du “Bilbotik euskararen alde egindako lan sendo eta jarraiagatik”.
Aurtengo nobedadeetako bat herritarren parte-hartzea izan da: bilbotarrek eurek aukeratu dute ospetsuetako bat. Bozketaren irabazlea Joaquin Achucarro Arisqueta izan da, “Bilbo nazioarteko agertoki garrantzitsuenetara eramateagatik eta musikaren zabalkundean eta irakaskuntzan egindako ekarpenagatik”.
Horrela, bost bilbotar hauek bilbotar ospetsuen zerrendara batu dira. Orain arte 128 bereizgarri banatu dira, horien artean hiriaren lau enbaxadore. Sari banaketa abenduaren 15ean egingo da, 19:30ean, udaletxeko Arabiar aretoan, alkateak gidatuko duen ekitaldi berezi batean, sarituak eta hainbat agintari bertan izango direlarik.
Bilboko Ospetsuaren titulua honako hauei ematen zaie: “Bilbon edo Bilbo metropolitarreko udalerrietan jaiotako edo une horretan bertan bizi diren pertsonei, baldin eta beren ekimen, ardura eta ahaleginaren bidez, gizalegezko jokabide nabarmen eta eredugarria erakutsi badute eta herritarren jardueren edozein esparrutan nabarmentzea lortu badute”.