Hiri-mugikortasunean aurrerapauso handi bat eman du Bilbok aste honetan. Udalak eta Telparkek indarrak batu dituzte Indautxuko eta Azkuna Zentroko aparkalekuetan auto elektrikoentzako doako karga eskaintzeko. Ekimena datorren astelehenean jariko da martxan, maiatzaren 11n, eta hilaren 17ra bitartean iraungo du.
Gidariek 22 kW-ra arteko karga erdi-azkarreko 13 gune eta 120 kW-ra arteko karga azkarreko 4 gune erabili ahal izango dituzte, kosturik gabe. Neurri honen bidez, hirian dagoen karga-sarerako sarbidea erraztu nahi da, eta herritar gehiagori lagundu nahi zaie karga publikoa eguneroko bizimoduan txertatzen.
Zerbitzua erabiltzeko, karga Telpark aplikazioaren bidez egin beharko da. Aplikazio horrek aukera ematen du erabilgarri dauden puntuak denbora errealean aurkitzeko eta prozesua modu digital eta errazean kudeatzeko.
Ekimen hau bi entitateek hiri-eredu jasangarriago baterantz joateko hartu duten konpromiso partekatuaren barruan kokatzen da, emisioak murrizteko eta energia-trantsizioa babesteko, herritarrentzat erabilgarriak diren soluzio zehatzak eskainiz.
Udal-estrategia
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak azpimarratu duenez, ekimena "mugikortasun jasangarriaren udal-estrategiaren parte da, eta hiri efizienteagoa, eta trantsizio energetikoarekin konprometituagoa eta prestatuagoa indartzen laguntzen du".
"Udalekin batera honelako ekimenak indartzea funtsezkoa da garraio-ohituretan benetako aldaketa bultzatzeko. Gure helburua ez da egun batzuetarako karga eskaintzea soilik, baizik eta hirien eskura jartzen dugun mugikortasun-ekosisteman konfiantza sortzea, eta gero eta gidari gehiagok karga publikoa ohiko errutinan sar dezaten laguntzea", adierazi du Telparkeko COO Off-Street den Ignacio Merry de Val-ek.
Telparkek 900 plaza inguru kudeatzen ditu hirian, lurpeko bi aparkalekutan. Aplikazioak 6,2 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu, eta karga elektrikoko 1.500 puntutik gorako sarea. Haren bidez, Telpark-ek hiri-mugikortasun konektatu eta jasangarria sustatzen du. App-a ekosistemaren ardatz digitala da, eta herritarrei aukera ematen die aparkalekuak eta kargak modu integratuan kudeatzeko. Konpainiak bere asmo handiko planarekin jarraitzen du, ibilgailu elektrikoaren sarea hedatzeko. Azken helburua da sare horri hazten laguntzea eta karga publikoa eguneroko ohitura gisa finkatzea hirietan.