Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du ostegun honetan, azaroaren 20an, ospatzen den Haurren Munduko Egunarekin. Horretarako, hainbat ekintza antolatu dira. Lehenik eta behin Esperantza zentroak Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluaren osoko bilkura jaso du, eta geroago Juan Mari Aburto alkateak harrera egin die haur eta nerabeei udaletxeko Arabiar aretoan. Azken ekitaldi honetan UNICEFeko Euskal Autonomia Erkidegoko Batzordeko arduradunek eta beste udal-ordezkari batzuk hartu dute parte.
Osoko bilkurako burua Juan Ibarretxe izan da, Gizarte Ekintzako zinegotzia. Aurten, jardunaldiaren leloa "Piztu zure eskubideak – Enciende tus derechos digitales" izan da, arreta umeen eta nerabeen eskubide digitalei emanez. Hala, bada, eskubide horiek jokoaren bidez esploratzeko, taldeen dinamika batean lan egin da eta eskubideak eta desafioak identifikatu dituzte, talde bakoitzari esleitutako misio bakoitzerako azken produktu bat lortu aurretik.
Eskubide hauek jorratu dira: sareko segurtasuna eta pribatutasuna; adierazpen- eta iritzi-askatasuna; diskriminaziorik gabeko jokoa eta parte-hartzea; ongizate eta oreka digitala; konektagarritasuna eta sarbide ekitatiboa; eta parte-hartze digitala.
Bateratze-lana egin ondoren, ibilbide bat egin da hiru taldetan Zazpi Kaleetatik, umeen eskubideak ikusarazteko. Kontseiluko kideek, peto gorri bat jantzita, oihalezko poltsak banatu dituzte nazioarteko egun honetan (azaroak 20). Poltsek "Piztu zure eskubideak" leloa eta "Bilbo, umeen adiskidea den hiria", UNICEF eta Bilboko Udalaren logotipoak dauzkate.
Ondoren, Udaletxeko Areto arabiarrera joan dira. Bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Leire Goitia UNICEFeko Euskal Batzordeko presidenteordea eta beste udal-ordezkari batzuk.
Kontseiluak egiten duen lan garrantzitsua gogorarazi du alkateak, eta umeak eta nerabeak espazio horretan parte hartzera animatu ditu: "badakizue zuen ideien, eskaeren eta hausnarketen zain jarraituko dugula: argi izan entzuten dizuegula. Balioen Hiria den Bilboren oraina eta etorkizuna zarete; balio horiek desberdinak egiten gaituzte eta, zalantzarik gabe, ekarpen handia egin dezakezue hor. Jarraitu horrela. Zorionak!"
Bestalde, UNICEFeko Euskadiko Batzordeko Leire Goitiak "Piztu zure eskubide digitalak" kanpaina nabarmendu du; izan ere, "gure eskubideak zeintzuk diren jakitea eta Interneten eskubide horiek babesten ikastea funtsezkoa da bizitza digitalaz modu seguruan gozatzeko. Ez da ilunpetan geratu behar Interneten, bai, ordea, umeen eta nerabeen eskubide digitalak piztu".