Gidarien zein oinezkoen segurtasuna bermatze aldera, Bilboko Udaltzaingoak ibilgailuen baldintza teknikoak kontrolatzeko eta zaintzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan astelehen honetan, azaroaren 3an, eta hilaren 9ra arte egongo da indarrean, hau da, hurrengo igandera arte. Abiadura edota gidatu bitartean gailu elektronikoen erabilera kontrolatzeko kanpainak bezala, Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren barruan dago.
Kanpaina honetan, arreta jarriko zaie hiru alderdi hauei: IAT egunean edukitzea; pneumatikoen egoera eta higadura-maila –batez ere itsaspenari dagokionez, hori funtsezkoa izan baitaiteke lurzoru bustietan istripurik gerta ez dadin– eta, azkenik, argiak.
Ekimen honen helburua da gidariak kontzientziatzea gidatzean duten erantzukizunaz, istripuak saihesteko eta gure errepideetan bide-segurtasuna bermatzeko.
Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasun Dibisioak eskuratutako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira estatistikazko analisia egiteko, aldez aurretik horretarako ezarritako adierazle multzo bati egokituz.
2024an egindako kanpainen datuak
Aurreko urtean, 2024an, egindako halako kanpainetan, Bilboko Udaltzaingoak 227 ibilgailu ikuskatu zituen. Ikuskapen horietan, zenbait salaketa jarri zituen: 76 salaketa IAT epe barruan ez egiteagatik, bi salaketa asegurua indarrean ez izategatik, salaketa bi egoera txarrean zeuden pneumatikoengatik eta, salaketa bat argien akatsengatik eta beste 13 salaketa bestelako arau-hausteengatik.