Estatuko garraio kolektiboaren operadore eta kudeatzaile publiko nagusiak Bilbon izan dira ostegun eta ostiral honetan, urriaren 23an eta 24an, ATUC - Mugikortasun Jasangarriaren eta Bizikleta Publikoaren batzordea dela eta.

Topaketa hau erakusleiho bat izan da ordezkariei Bilbaobizi zerbitzua aurkezteko, abian jarri diren udal-azpiegitura batzuk erakusteko eta garraiobide jasangarri honen garapenerako jardunbide egokiak partekatzeko.

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak zera nabarmendu du: "Bilbo bizikleta publikoaren orainari eta etorkizunari buruzko eztabaidaren erdigune bihurtu da egun hauetan. Izan ere, ATUCen Bizikleta Publikoaren Batzordearen funtsezko bi jardunaldi jaso ditu, esperientziak, erronkak eta konponbideak partekatzeko, eta, gure hirietan, hain zuzen ere, sistema jasangarriagoak, irisgarriagoak eta efizienteagoak bultzatzen jarraitzeko".

Gainera, esan du "Bilbo zera ari da erakusten: plangintzaren, inbertsioaren eta erakundearteko lankidetzaren bitartez, mugikortasun-ohiturak eraldatu, airearen kalitatea hobetu eta pertsonentzako espazio publikoa berreskuratu ditzakegula".

Bestalde, ATUCeko idazkari nagusi Jesús Herrerok azpimarratu duenez, elkarteak, orain arte garraio kolektiboan zentratuta zegoenak, «estatutuak egokitu zituen bizikleta publikoa eta sortzen ari diren beste garraiobide batzuk integratzeko, jabetu baikinen hiriek eskatzen duten mugikortasun integratu, konektatu eta jasangarriko eredu horretan funtsezko pieza direla, eta gure lehentasuna da gainerako garraio publikoarekiko erabateko elkarreragingarritasuna sustatzen jarraitzea».

ATUCek batzorde honen bidez lan egiten du, berariaz, bizikleta publikoaren inguruan, eta batzorde honek Estatu osoko hogei bat garraio-sistema ordezkatzen ditu. Helburua eredu efizienteago, jasangarriago eta konektatuagoen bidean aurrera egitea da, bizikleta eta garraio kolektiboa elkar indartuko dituen mugikortasun-ikuspegia helmugatzat hartuta.

Bilbo, liderra mugikortasun jasangarrian

Bilbo nabarmendu egin da Bilbaobizi sistemari esker. Izan ere, 2024an, 2 milioi bidaia baino gehiago izan zituen eta erabilera-errekorrak hautsi zituen, eta, kontratu berriari esker, gaur egungo 700 bizikleta elektrikoak 1.250 izango dira bi urteren buruan; sareak, bestalde, 68 geltoki izango ditu. Gainera, hainbat hobekuntza ezarri dira: erabilera-tarifa berriak, ohiko erabilerarako pizgarriak eta ainguratze-sistemen hobekuntzak bandalismoa murrizteko.

Hortaz, hiriak mugikortasun osasungarriagoa, konektatuagoa eta emisio gutxikoa lortzeko eraldaketarekin jarraitzen du, bai eta bizikleten mugikortasun-politikak bultzatzeko lidergoa indartzen ere, 77 km-ko bidegorri-sarearekin batera.