Aurrera doa Rodríguez Arias kaleko merkataritza-korridorearen proiektua. Asteazken honetan goizean, irailaren 10ean, Bilboko Udaleko Gobernu Batzarrak onartu du obra horiek egin ahal izateko proiektua eta aurrekontu-partida.
Kasu honetan, jarduketa Campuzano plazaren eta Areiltza Doktorearen kalearen artean dagoen kalearen zatian egingo da, hau da, 2.240 metro koadro guztira.
Gaur egun, eremu hori honela dago banatuta: % 55,5 oinezkoen gunea da, eta % 44,5 errepideko zirkulaziorako gunea da. Obrak amaitutakoan, oinezkoen gunea % 73ra arte handituko da (guztira, 1.632 metro koadro).
Obraren fase berri hau aurrekoekin bat etorriko da estetikoki eta funtzionalki. Lehenengo fasea amaituta dago, Recalde zumarkalearen eta Campuzano plazaren artean; eta bigarrena aste batzuetan amaituko da eta Rodríguez Arias kaleko tartean egingo da, Elcano eta Recalde zumarkalearen artean, Telesforo Aranzadi, García Rivero eta Máximo Aguirre perpendikularrez gain.
Horrela, bada, Bilboko Udalak espazio hori hobetzen jarraituko du, hiri-irudi moderno eta dotorea emanez, Abando eta Indautxu arteko merkataritza-korridore gisa indartzeko eta Kale Nagusiaren eskaintza osatzeko.
Espaloiak bost metro baino gehiagora zabalduko dira eta autoentzako espazioa murriztu egingo da. Eta proiektu osoan erabili diren material eta altzari berberak erabiliko dira. Era berean, zerbitzu-sareak berrituko dira eta zuhaitzak kaleko sekzio berrira egokituko dira.
Helburua da, beraz, kalitatezko hiri-eremu berria sortzea, bertan paseatu, berriketan jardun, atseden hartu eta erakusleihoen esperientziaz gozatu ahal izateko, betiere inguru horretako bizilagunen bizimoduarekiko oreka hautsi gabe eta begirunez jokatuz.
Proiektua etorkizunera begira ere egin da, bete beharreko premisatzat jarririk hiri erdiguneko kaleak konektatzea eta Abandoko geltokitik, oraingotik eta batez ere etorkizunekotik –lurpeko intermodaletik– etorritako pertsonen fluxuak biltzea.
Auzokide Plana
Rodríguez Arias kaleko obraren fase berri hori hiriko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan kokatzen da eta, beraz, 6. barrutiko bizilagunek lehenetsi dute.
Zehazki, 1.172.587,15 euro gorde dira obrak egiteko; obra horiek esleitu eta hasten direnean, bost hilabetetan egingo direla aurreikusten da.