Síguenos en redes sociales:

30 jarduera baino gehiago jasoko ditu aurten Txikiguneak

Txikiguneak familiei gonbidapena luzatuko die pertsona guztien arteko Berdintasunaren bidea egiteko, pista-jolas handi eta parte-hartzaile baten bidez

30 jarduera baino gehiago jasoko ditu aurten TxikiguneakB. U.

Gero eta gutxiago falta da Aste Nagusirako, eta pixkanaka-pixkanaka badoa egitaraua osatzen. Gaur goizean Txikigunearen aurkezpenaren txanda izan da, zeinak abuztuaren 17tik 24ra bitartean irekiko ditu ateak. Familiei zuzendutako jolas- eta hezkuntza-gune hau 0 eta 12 urte bitarteko umeentzako espazioa izango da, eta bertan 30 jarduera baino gehiago egingo dira.

2025ean, berrikuntza gisa, Txikiguneak familiei gonbidapena luzatuko die pertsona guztien arteko Berdintasunaren bidea egiteko, pista-jolas handi eta parte-hartzaile baten bidez. Jolas horretan hainbat gai jorratuko dira, hala nola erantzunkidetasuna, aniztasuna, kultura-aniztasuna, jasangarritasuna edo giza eskubideak, besteak beste.

'Berdintasunaren Biderantz' izeneko proposamenaren helburua da parte-hartzaileek kontzientzia hartzea zenbat ekarpen egin daitezkeen pertsona askori oztopoak eta aurreiritziak gainditzen laguntzeko. Era berean, gogorarazi nahi da enpatiarekin, lankidetzarekin eta errespetuarekin posible dela gizarte berdinzale bat eraikitzea.

Talde-lanean eta parte-hartzean oinarritutako dinamika baten bidez, bikoteka banatutako gehienez 40 pertsonak erronkak gainditu beharko dituzte ibilbide batean zehar, amaieran talde-proba bateratu batekin bukatzeko. Protagonista nagusiak Ur eta Ekhi pertsonaiak izango dira, eta haiek gidatuko dituzte parte-hartzaileak ibilbide osoan zehar. Egunean 8 saio egingo dira: lau goizez eta lau arratsaldez.

'Planetako eragileak' sortzeko haur-parkea

Txikiguneak abuztuaren 17tik (igandea) 24ra (igandea) irekiko ditu ateak, Casilda Iturrizar parkean, Pergolan eta Ahateen putzuan, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara. 0 eta 12 urte bitarteko adin tarteari egokitutako 30 jarduera baino gehiagorekin, Aste Nagusiko Haur Parkea berriz ere erreferentziazko gune bihurtuko da jolaserako, elkarbizitzarako, balioetan hezteko eta jasangarritasunerako.

Horrela, 0 eta 3 urte bitartekoentzat, zentzumenen estimulaziotarako pentsatutako hainbat espazio egongo dira, hala nola Txiki Laboratory, soinu, kolore eta jolas berriak deskubritzeko; Oxizeanoa, non zaborra “arrantzatu” ahal izango duten Itsaso, ibai eta ozeanoak garbi uzteko; eta Botxo-Mari, Aita Mari itsasontziaren lanean inspiratutako espazioa, aliantzak eta elkartasuna lantzera gonbidatzen duena, txalupatxoak ur gainean eramateko, elkar ukitu eta talka egin gabe. Besteak beste, Experiteka psikomotrizitate zirkuitu erraldoia eta Plankt-On bola-igerilekua ere egongo dira. Jarduera horien bidez, modu ludiko eta dibertigarrian, haurrek hainbat balio landuko dituzte, hala nola berdintasuna, parte-hartzea, bizikidetza edo klimaren eta itsaspeko bizitzaren defentsa.

GJHen (Garapen Jasangarrirako Helburuak) garrantzia presente egongo da 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzako jardueretan ere. Haurrek, puzgarriak eta urezko arrapalak, egurrezko joko kolaboratiboak, ohe elastikoak eta eraikuntza-joko desberdinen bidez, itsasoko bizitza eta lurreko ekosistemak babestearen garrantziaz jabetuko dira, baita osasuna, ongizatea eta berdintasuna bezalako balioetan ere lan egingo dute.

Proposamenak adin guztientzako espazioekin osatuko dira, eta horien artean izango dira: makillaje tailerrak, irrati-saioak, ipuin kontalariak, imanekin eraikitzeko jarduerak, photocall bat, Food Truck-ak…

Hori guztiarekin, Txikigunea berriz ere “Planetaren Salbamendurako Zentro Unibertsala” bihurtuko da, eta B-Agentzia Eskolan parte hartzeko aukera eskainiko du, “Botxotarrak” eta “B-Agenteak” izendapena jasoz, planeta eta kulturartekotasunaren defendatzaile bihurtzeko. Bost prestatzaile arduratuko dira hautagai guztiak prestatzeaz 2030 Agendako bost esfera nagusietan: Pertsonak, Planeta, Bakea, Oparotasuna eta Aliantzak.

Era berean, Gargantua eta Marijaia ere izango dira Txikigunean; Marijaia zenbait egunetan parkea bisitatuko du, eta egunero egongo da bertan bere bertsio txikia, Marijaia Txiki izeneko eskala txikiko moldaketa berezi baten bidez, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek ere ezagutu ahal izan dezaten.

Haurrentzako kale antzerkia arratsaldero

Horrez gain, Casilda Iturrizar parkeko Pergola haurrentzako kale antzerkirako eszenatoki bihurtuko da egunero, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Abuztuaren 17tik (igandea) abuztuaren 24ra (igandea) bitartean, egunero izango dute haurrek antzerki ikuskizun batez gozatzeko aukera, konpainia onenen eskutik, eta “Micro” eta “Fono” izango dira anfitrioi, dena aurreikusitako moduan joan dadin.

Astearen zehar, hainbat konpainia igoko dira eszenatokira: Chien Hung-Kuo “Moving Zen” ikuskizunarekin; Zirikia Zirkus “Marietak Zirkus”-ekin; Mano a Mano “Kinematos”-ekin; Markeliñe “Artilusioa”-rekin; Civi Civiac “Don Bártulos”-ekin; Agro The Clown “ImproLocura”-rekin eta Eleder Magoa “Magia Mundiala”-rekin.

Asteleheneko (abuztuak 18) eta igandeko (abuztuak 24) emanaldiak zeinu hizkuntzako interpretatzailearekin izango dira; gainontzeko saioek, berriz, testu oso gutxi izango dute.

Txu Txu Trena

Beste urte batez, martxan egongo da berriz Txu Txu Trena, Udaletxeko eraikin nagusiaren alboan hasi eta Euskadi Plazan dagoen geralekuraino pertsona guztiak doan eramateko zerbitzu lanzadera.

Trena goizez 11:00etatik 14:30era eta arratsaldez 16:30etik 20:00etara ibiliko da. Ibilgailu hauek haurtxoen kotxeak garraiatzeko egokituta egongo dira, eta mugikortasun urriko pertsonek zuzenean sartu ahal izateko arrapala izango dute.

Makusi gunea

Aste Nagusi osoan zehar, Txikigunean izango da, halaber, EiTBk sortutako euskarazko lehen ekosistema digitalaMAKUSI, haur eta gazteentzako zuzendutako entretenimendu unibertso handi eta doakoa.

Espazioak hainbat jarduera hartuko ditu, hala nola Irabazi Arte zaleek euren goleko trebetasunak praktikan jartzeko puzgarrizko ate bat. Era berean, Makusi egurrezko jolasak erabiliz ondo pasatzeko eta esperimentatzeko familia-gunea ere izango da.

Irisgarritasun neurriak

Beste behin ere, Txikiguneak hainbat ekintza jarriko ditu martxan pertsona guztien irisgarritasuna errazteko: zeinu hizkuntzako interpretatzailea (Informazioaren kasetan eskatu behar da); ipuin kontakizunak zeinu hizkuntzako interpretatzailearekin; mugikortasun urriko haurrentzako arrapalez hornitutako Gargantua; ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzako Marijaiaren tamaina txikiko erreprodukzio berezi bat (Informazioaren kasetan); irakurketa errazean egindako informazioa eta QR kode bidezko sarbidea; urarekin edo lurzoru irregularrarekin dauden zenbait espaziotan lurzoru berezien kokapena; eta Txu Txu Trena sarbide-arrapalarekin eta haurtxoen kotxeak eramateko espazioarekin.

Irisgarritasun-neurriez gain, Txikiguneak zaratarik gabeko ordutegi-tarteak izango ditu autismoaren espektro nahasteak (AEN) duten pertsonentzat. Tarte horiek izango dira: abuztuaren 19an, asteartea, 16:30etik 20:00etara; eta abuztuaren 20an, asteazkena, 11:00etatik 14:30era.

Haur parke jasangarria

Txikiguneak betidanik izan du kontuan ingurunea zaintzea bere jarduera guztietan, baita jardueretan materialak birziklatzea eta berrerabiltzea ere. Arlo horretan aurrera egiteko eta jasangarritasunari buruzko neurri berriak eta hobeak ezartzeko ahaleginean, Aste Nagusiko Haur Parkeak hirugarren urtez jarraian lortu du Erronka Garbia zigilu jasangarria, IHOBEk (Eusko Jaurlaritza) emandako ekitaldi jasangarriaren ziurtagiria.

Informazio-gunea

Aurreko edizioetan bezala, Txikiguneak informazio‑gune bat izango du berriro, eta han 8.000 identifikazio‑pultsera banatuko dira. Pultsera bakoitzak kontaktu‑telefonoa idazteko leku txiki bat izango du.