Síguenos en redes sociales:

Surbisak erakusketa bat antolatu du Metro Bilbaon

Erakusketak 10 panel oso bisual ditu, eta gaurtik uztailaren 30era arte ikusi ahal izango da, Zazpikaleetako geltokian

Surbisak erakusketa bat antolatu du Metro BilbaonB. U.

Asteazken honetatik uztailaren 30era bitartean, ikusgai egongo da Metro Bilbaoko Zazpikaleetako geltokian, San Nikolaseko irteeran zehazki, Surbisa Bilboko Berregokipenerako Hirigintza elkarteak bere 40. urteurrena ospatzeko antolatutako '40 urte... Bilbo hobetzen' izeneko erakusketa

Udal sozietate hau 1985ean sortu zen Zazpi Kaleak oneratzeko asmoz, urte bi lehenago izandako uriolek erasan baitzuten larriki auzoa; hala ere, 2005etik hiri osoan jarduten da, andeatze fisikoaren eta sozialaren araberako lehentasunei jarraituz.

Erakusketan 10 panel bisual daude eta Surbisak lau hamarkada hauetan Bilboko hainbat gunetan sustatu dituen jarduketa nagusietako batzuk gogoratzen dira, esaterako auzoak lehengoratzea, biziberritzea, birgaitzea, hiri-berroneratzea, energia-efizientzia, irisgarritasuna eta birnaturalizatzeko espazioak.

Erakusketaren hasieran Surbisa aurkezten da, eta urteetan zehar bere jarduera-eremuen zabalpena aztertzen da. Elkartearen lehen helburua Zazpi Kaleen birgaitze integrala izan zen, 1983an Bizkaiko hiriburuan izandako uholdeek asko eragin baitziotenHurrengo urteetan, ordea, beste eremu batzuetara ere hedatu zen udal-sozietatearen jarduketa-eremua: 1994an Bilbo Zaharrera zabaldu zen eta 2002an Trenbideko Langileen auzora. 2005ean hasi zen SURBISA hiriko eremu gehiagotan jarduten. SURBISAk beste hainbat lekutan esku hartu du, hala nola Artatzu Bekoan (2005), Otxarkoagan (2008), Zorrotzaurren (2009), Gurutze auzoan eta Salazar Jeneralaren eraikin multzoan (2010), Olabeagan (2013), Iralan (2015), Zazpilandan (2016), eta Uretamendin eta Uribarrin (2023).

Sortu zenetik, Surbisak, bere laguntza, kudeaketa eta lankidetzarekin, birgaikuntza pribatuko jarduketak sustatu ditu eraikin, etxebizitza eta merkataritza-lokaletan, ia 318 milioi eurora iritsi direnak. Kopuru horretatik 87,8 milioi euro inguru Surbisak kudeatutako laguntza ekonomikoetatik datoz. Horietatik, 54 milioi funts propioei dagozkie eta gainerakoak Eusko Jaurlaritzaren laguntzei. Azken horiek Surbisaren bidez kudeatzen dira, leihatila bakar gisa.

Horri esker, Surbisak Bilboko eraikin guztien % 22 birgaitzeko lanak kudeatu ditu. Zehazki, 2.552 eraikin, 18.051 etxebizitza eta 58.697 egoiliar izan dira onuradun, eta hiriko barruti gehienetan egon da.

Jon Bilbao Surbisako presidente eta Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi eskuordeak azaldu du: "SURBISAk hurbiltasunetik egin du beti bere jarduera, eta bere gizarte-ekintzako ildoa kalteberatasun-egoeran dauden familiei laguntzeko lehentasunezko modu bat da. Horregatik, Surbisaren funtsezko helburua da mundu guztiak aukera izan dezan bizitegi-eraikinak birgaitzeko beharrezkoak diren obrak egiteko eta etxea konfort-maila egokian jartzeko, eta inor ez dadin egon behartuta bere etxea uztera obrei aurre egiteko laguntza edo baliabide nahikorik ez duelako."

Irisgarritasuna eta energia-efizientzia

Erakusketak, halaber, urte hauetan Surbisak eraikinen birgaitze integrala zelan bultzatu duen eta zaharberritzeko programa espezifikoak zelan sustatu dituen erakusten du. Gainera, Surbisak sustatzen duen birgaitze-ereduan energia-efizientziako neurriak ere sartzen dira, eta irisgarritasuna bermatzeko neurriak eta igogailuak ipintzea ere bideratzen du.

Bestalde, inpaktu handiko esku-hartzeak egin dira ekipamendu berriak instalatzeari dagokionez, monumentu-eraikinen ondarea zaharberritzeari dagokionez, espazio libre eta berdegune berriak sortzeari dagokionez, bai eta inbertsio publikoari dagokionez ere, hiri-espazioa berroneratzeko hainbat jarduketaren bidez eta balio monumentala duten eraikin publikoak ekipamendu komunitario gisa erabiltzeko zaharberritze-obren bidez. Aipagarriak dira birgaitze-lanak Plaza Barrian, Yohn jauregian, Atxuriko Gizakundearen Komentuan eta Bilborock aretoan (Mesedeetako eliza), eta urbanizazio-lanak Solokoetxeko eskaileretan, Atxurin, Harrobi plazan, eta Bilbo Zaharra kalean eta auzo horretako plazetan.

2024tik, Surbisak bere gain hartu du irisgarritasuna sustatzea eta hiriko bizitegi-eraikin pribatuen egitura sendotzea. Esku-hartze horiekin, helburu hauek ezarri ditu: irisgarritasun unibertsaleko baldintzak betetzen ez dituzten edo igogailurik ez duten etxebizitza ugarietan (% 14,5) igogailua jartzea; energia-kontsumoak eta CO2 emisioak murriztea, eta Bilboko adinekoen etxebizitzetan bizigarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea. Gainera, merkataritzako lokalak hobetzea ere sustatu du, bere eskumeneko hiri-inguruneak suspertuz.

Surbisako presidentearen hitzetan, "40 urte hauetan, Surbisaren helburua hirigintzako arazoak eta egoera sozioekonomiko kaltebera dituzten auzo eta eremuen birgaitze integrala izan da, eta erreferentzia bihurtu da eraikin, etxebizitza eta lokaletan obra pribatuen sustatzaile eta babesle gisa, haietan bizigarritasuna, irisgarritasuna eta energia-efizientzia bultzatuz nagusiki".

Berrikiago, Surbisa espazio pribatuak berreskuratzen ari da, erabilera komuneko espazio berri bihurtzeko. Horri espazioen birnaturalizazioa esaten zaio. Birnaturalizazioari esker, hirien barruko berdeguneak berreskuratzen, berrerabiltzen eta mantentzen ari dira egoiliarren edo bizilagunen arteko topagune gisa, eta horrek mesede egin die florari eta faunari, eta ekosistema orekatuagoa sortu dira. Gainera, neurri horiek eragin positiboa daukate airearen kalitatean eta bero-uhartearen efektua arintzen dute, fenomeno horrek bereziki eragiten baitie eraikuntza-dentsitate handiko eremuei.