Urtero bezala, herritarren ongizatea bermatzeko, Bilboko Udalak muturreko tenperatura beroei aurre egiteko gomendioak zabaldu ditu. Bilbotar guztiei bideratuta daude, baina batez ere umeei, adinekoei eta osasun arazoak dituzten pertsonei. Gomendio nagusiak eguzkitan ez paratzeko, likidoak edateko eta berorik handieneko orduetan esfortzu fisikorik ez egiteko dira.

Gainera, aholku batzuk eman ditu tenperatura handiei aurre egiteko:

  • Likidoak hartu, ura nahiz zuku naturalak -egunean litro 1 eta 1,5 litro artean-, egarririk ez bada ere. Arreta handiagoz jokatu umeen eta adinekoen kasuan.
  • Jaki arinak hartu eta entsalada, barazki eta fruta gehiago jan, izerdiarekin batera galtzen diren gatz mineralak ordezkatzeko.
  • Etxea freskoago mantentzeko, jaitsi pertsianak; eta gauez, ireki leihoak.
  • Sarritan freskatu dutxan edo urez bustitako eskuoihalekin, erabili haizagailuak, aire girotua edo abanikoak.
  • Ez irten kalera eguzki handieneko orduetan.
  • Jantzi arropa arinak eta erabili eguzki-babesa eta eguzkitako betaurrekoak.
  • Burua eguzkitik babestu, txano edo kapela batekin.
  • Lagun egiteko animaliek ere ur gehiago hartu behar dute, eta komeni da egunaren erdiko orduetan espazio fresko eta lehor batean atseden hartu ahal izatea.

Gainera, Udalak behin eta berriro gogorarazten du arreta berezia jarri behar dela bero-kolpe baten sintomak agertzen direnean:

  • Larruazal gorritua, larruazal bero eta lehorraren sentsazioarekin.
  • Minutuko arnasketa kopurua gehitzea eta bihotz-taupada azeleratuak izatea.
  • Buruko mina, nekea, zorabioak, goragalea, sukarra. 
  • Egoera mentalaren eta portaeraren nahasmendua, esaterako: bertigoak, zorabioak, desorientazioa, delirioak, nahasmendua edo konortea galtzea.

Behin-behineko iturriak

Bero-bolada hobeto jasateko, Bilboko Udalak behin-behineko hamar iturri jarri ditu urian jenderik gehien ibiltzen den lekuetan. Behin-behineko iturri horiek ureztatzeko aho eta zutabeetan jarri dira, eta urian han eta hemen dauden ur publikoko 535 iturrien sareari gehituko zaizkio.

Behin behineko hamar iturriak hurrengo puntu hauetan egongo dira:

  • Kale Nagusia, 4 (Berastegirekin kantoia egiten duen lekuan)
  • Kale Nagusia, 63
  • Montevideo Etorbidea, 16 (Basurtuko erietxearen ondoan).
  • Lutxana, 6 (Hurtado de Amézagarekin kantoi egiten duen lekuan).
  • Sabino Arana, 19 (Victor Chavarrirekin kantoi egiten duen lekuan).
  • San José plaza
  • Agirre Lehendakaria, 162
  • Areiltza Doktorearen kalea, 32. zenbakiaren parean.
  • Blas de Otero kalea, 36
  • Etxaniz Suhiltzailearen plaza, 4

Babesleku klimatikoak

Horrez gain, gomendatzen du Bilbok dauzkan babesleku klimatikoen sarea erabiltzea: 131 leku edo eraikin dira, eta, haietan, herritarrek larregiko beroaren ondorioak errazago eraman ahal izango dituzte.

Erakin barrualdeetan eta kanpoaldeetan daude leku horiek, eta pertsona guztiek erabil ditzakete atseden hartzeko eta freskatzeko berorik handieneko orduetan, behar beste denboran, eta, hala, bero larregikoak organismoan eragiten dituen ondorioak arintzeko.

Guztira 64 leku dira eraikinen barrualdeetan eta 66 leku kanpoaldeetan, eta uri osoan zehar daude banatuta, eta behar bezala identifikatuta. Bilboko Udalak lanean jarraitzen du babesleku klimatiko gehiago izateko; gogoratu ekipamendu horiek ez direla arreta medikorako guneak eta baldintza meteorologiko normaletan beste funtzio batzuk betetzen dituztela.

Barruko babesleku klimatikoak dira liburutegiak, udaltegiak, kirol ekipamenduak, garraiobideen geltokiak, museoak, erakusketa-aretoak eta merkataritza-zentroak, besteak beste. Eraikinok, oro har, hoztuta egoten dira eta ura izaten dute, eta egoteko, freskatzeko eta tenperatura handiek eragiten duten neketik oneratzeko aukera ematen dute.

Kanpoaldeko babesleku klimatikoak, ostera, uriko berdeguneak izaten dira, daukaten landaretza eta gerizpe ugariak direla-eta pertsonen sentsazio termikoa hobetzen dutenak, bero handiko egunetan babes naturala eskainiz. Horrez gain, uriko iturriak eta ura daukaten espazioak ere lagungarriak izan daitezke beroaren kontra, freskatzeko eta hidratatzeko.