Bilboko auzoetako biztanleen artean hiriko babesleku klimatikoek eskaintzen dituzten zerbitzuak ezagutzera emateaz arduratuko dira Bilboko Udalak martxan jarri dituen 'Gerizpelagunak' izeneko lan taldeak. Uriko kaleetan zehar ibiliko dira, udako lagun-talde baten erara, Bilboko babesleku klimatikoen sarearen kanpaina berriaren berri ematen.

Eguzkitakoak eramango dituzte haiekin, eta horrela, lagun-taldea itzaleko "uharte ibiltari" antzeko bat bihurtuko da, ikusgarria eta deigarria. Hiriko funtsezko eremuetatik ibiliko dira: merkataritza-kaleetatik, parkeetatik, plazetatik edo azoketarako sarreretatik, erdigunetik, baina baita hiriko hainbat auzotan zehar ere; ahal denik eta txoko gehienetara iristen saiatuko dira. Haren egitekoa izango da bizilagunengana hurbiltzea, eta, horrela, atseden hartzeko aukera eta aitzakia bat eskaintzea, modu erraz eta hurbilean azaltzeko zer diren hiriko babesleku klimatikoak; bide batez, babesleku klimatikoei lotutako informazioa eta merchandaisinga banatuko dute.

Goizetan, ibilbideak hirigunetik eta lan-eremutik egingo dituzte, horietan jendearen joan-etorri etengabea baitago. Arratsaldeetan, berriz, koadrila auzoetan zehar ibiliko da, auzo-ingurune lasaiago bat eta paseatzen ari direnekiko interakzioa bilatuz.

Zabalkundeko eta StreetMarketing-eko kanpaina original hoen aurkezpena gaur egin du Nora Abetek, Mugikortasun eta Jasangarritasuneko alkateordeak, Udaletxearen aurrean, 'Gerizpelagunak' koadrila ondoan duela. Abetek azaldu du babesleku klimatikoen sarea aktibatuko dela udarako eta horren ezaugarriak azaldu ditu.

Nora Abetek azpimarratu duenez, “oso garrantzitsua da biztanleek, bereziki gizatalde kalteberenek, hala nola adinekoek, bularreko umeek edo osasunez makal dabiltzan pertsonek, neurriak har ditzatela, banaka zein taldeka, uda honetan pairatuko ditugun tenperatura altuetatik babesteko”. 

Abetek gaineratu duenez, “talde ahulenak babesten laguntzeko, hiriak babesleku-sare horren zerbitzuak jartzen ditugu haien eskura, eta, kanpaina honen bidez, nahi dugu gure herritarrek jakitea hiri osoan zehar banatuta dituzten zerbitzu horiek eskura dituztela”.

“Kanpaina hau bat dator airearen kalitatea hobetzeko, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta hiri erresilientea eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitua izateko Bilbo gauzatzen ari den politikekin”, azpimarratu du.

Babesleku horien baliagarritasunaz eta muturreko berotik babesterakoan babeslekuok duten garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko eta informazioa zabaltzeko helburuz, jardunaldi bat egin zen duela gutxi BBK Kuna eraikinean, Bilboko babesleku klimatikoen sareko erakunde laguntzaileek eta beroak osasunean dituen ondorioetan adituek ere parte hartuta.

Babesleku klimatikoak ezagutarazteaz gain, kanpaina hau baliatu nahi da herritarrak muturreko beroaldien atzean dagoen arazoaren larritasunaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, eta, beraz, gure banakako ohiturak aldatzeko beharraz kontzientziatzeko, eragile guztien artean, hiriaren eraldaketa kolektiboa bultzatu eta gure ingurumen-eragina murrizteko helburuz.

Lagun-talde ibiltari horretaz gain, zabalkunde-kanpaina osatzeko ikus-entzunezko azalpen-edukia sortuko da. Eduki hori Udalaren sare sozialen bidez zabalduko da, eta Bilbobusen markesinetan eta pantailetan ere jarriko da.

Babesleku klimatikoak

Herritarrak muturreko tenperaturetatik babesteko edo horien ondorioak arintzeko baldintza egokiak dituzten ekipamenduak edo guneak dira. Era berean, muturreko beroak osasunari eragiten dizkion ondorio kaltegarriak apaltzeko lekuak dira.

Bilbon 131 babesleku klimatiko daude gaur egun. 65 babesleku barruko espazioak dira eta 66 kanpokoak. Bilboko biztanleen % 96k 300 metro baino gertuago du babesleku klimatikoren bat (131 dira guztira), eta % 43k 100 metro baino gertuago. 

Aipatutako funtzioak betetzen dituzten barne-ekipamenduak liburutegiak, gizarte-etxeak, kirol-ekipamenduak, garraio-geltokiak, museoak, erakusketa-aretoak eta merkataritza-guneak dira, besteak beste. Oro har, eraikin hoztuak dira, eta ura edateko nahiz norbera freskatzeko egonlekuak dituzte.

Kanpoko babesleku klimatikoak hiriko berdeguneak dira; halako lekuetan dagoen landaretzagatik eta sortzen den gerizpeagatik, sentsazio termikoa hobetu egiten da, eta, beraz, babesleku naturalak dira bero handiko egunetan. Gainera, hiriko iturriak eta urez hornituriko guneak ere leku egokiak dira beroari aurre egiteko eta norbera freskatzeko eta hidratatzeko.

Leku horiek bereziki erabilgarriak eta gomendagarriak dira biztanle kalteberentzat, horietan babesa hartu ahal izango baitute eta bero-kolpeak saihestu; izan ere, muturreko kasuetan, gorakoak, palpitazioak, konortea galtzea eta heriotza ere eragin ditzake eta eraginik handiena haurrek edo adinekoek jasaten dute, muturreko tenperaturak jasateko gaitasun txikiagoa baitute.

Bero-boladak gero eta ohikoagoak dira udan

Bilboko batez besteko tenperatura gradu batetik gora igo da 1990etik hona. Hazkunde txikia dela dirudien arren, egiatan, goraldi horrek ondorio esanguratsuak izan ditzake gure ingurunean eta gure bizitzan. Izan ere, urtetik urtera, gero eta gehiago dira 35 ºC-tik gorako tenperatura duten egunak.

Aurreikuspenen arabera, goranzko joera horrek iraun egingo du datozen urteetan. Ikerketa ugarik adierazten dute, mende honetan, urteko batez besteko tenperatura +1,5 ºC eta +5 ºC artean igo daitekeela. Inguruabar horretan, ondoriozta dezakegu, 2050. urtean, bero-boladak udako egunen % 30 izan daitezkeela. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, 2024ko Bero Planaren aldian, tenperatura altuei egotz dakizkiekeen 65 heriotza gertatu ziren Euskadin.

Ingurumari horretan, Abetek adierazi du "hiri moduan daukagun helburu nagusietako bat Bilbo erresilientea eraikitzea da, dagoeneko ondorioak pairatzen ari garen klima-aldaketa horretara egokitua. Hau da, mehatxu klimatikoei aurre egiteko prestatutako hiri-ingurunea garatu behar dugu, herritarrentzako arriskuak ahalik eta gehien txikituta".