Bilboko Udalak 8.275.000 euroko aurrekontua bideratu du Zorrotzaurren bi uholde-biltegi eraikitzeko. Azpiegitura horiek Udalak Deustuibarrean dauzkan bi lurzatitan egin dira, bata Artiachen eraikinetik gertu eta bestea Papeleraren eraikinetik gertu. Horrela, Udalak beste urrats bat eman du Zorrotzaurreko marea handien eta uholdeen eragina arintzen lagunduko duten lanetan.
Uholde-biltegien eginkizun nagusia izango da itsasgoran -euri-uren sarea itsasadarraren kotaren azpitik geratzen baita- galtzadak ez daitezela urez bete eta euri-uren sarean ez dadila eragozpenik sortu. Ituntze Batzarrak ingurua urbanizatzeko obrak amaitzen dituenean jarriko dira martxan biltegiak. Obra horiek ezinbestekoak dira kolektoreen konexioa bermatzeko, etorkizunean beren euri-urak biltegi banatara isuriko baitituzte.
Ituntze Batzarraren plangintzaren arabera, 2. biltegiaren inguruko urbanizazio-obrak urte honen amaieran hastea aurreikusten da, eta 1. biltegiari dagozkionak, berriz, 2026ko amaieran edo 2027ko hasieran.
2022ko urrian hasi ziren uholde-biltegiak egiten. Ingeniaritza-obra oso zaila izan da eta lan-prozesu oso zehatzak behar izan ditu, horregatik, hasieran hogei hilabeteren buruan amaitzea espero bazen ere, lanak zerbait luzatu dira.
Nabarmendu behar da biltegiak hartzen dituen lursailak zenbait geruza dituela: betegarri artifizialak, ibai-ahoko jalkinezko zoruak (lohiak, gehienbat), legarrak lohiarekin eta hareekin, eta, azkenik, arroka. Horregatik, indusketa eskora-oholtza iragazgaitzekin egingo da, hondoaren egonkortasuna bermatze aldera.
Euspen-elementuak hormigoizko pantailak izango dira, arrokan sartuak.
Ezaugarriak eta mantentze-lanak
Bi azpiegiturek biltegiratze-bolumen nahikoa dute, eta, horri esker, nahikoa ur metatzen dute mareak grabitatearen eraginez arintzea ahalbidetzen ez duen aldietan, eta, ondoren, itsasadarreko maila jaisten denean, hustu. Zehazki, lehenengo biltegirako 1.031,70 metro kubikoko bolumen erabilgarria kalkulatzen da, eta bigarrenerako, 1.190,25 metro kubiko. Soluzio horri esker, ponpaketa bidezko gainezkabideak minimizatu ahal izango dira.
Gainera, itsasadarrera isurtzen diren uren kalitatea hobetzeko helburuarekin, euri-uren kolektoreak biltegi bakoitzean sartzen diren lekuetan harea kentzeko gailu bat eta koipeak bereizteko bat jarri dira.
Biltegi bietako bakoitzak hiru eroanbide izango ditu, itsasadarrera isuriko dutenak: isurkia grabitatearen indarrez, ponpaketaz, eta euri-uren kolektoreen kutxatilatik aurrera isuriko dute. Horietako batzuetan, batez ere grabitatezko eroanbideetan, lau metro baino gehiagoko indusketak egin behar izan dira sestra azpian.
Bi biltegion mantentze- eta ustiapen-lanak errazagoak izan daitezen, zenbait alderdi hartu dira kontuan:
- Sarbideak. Lau jarri dira, biltegi bakoitzaren izkinan bana. Kutxatilak izango dituzte, lagundutako estalkiarekin eta babes-langarekin.
- Gainera, pasabidea utzi da koipeak bereizteko sarbidera, harea kentzeko makinara, garbiketa-kutxatilara eta ponpatze-ekipora.
- Ez da aurreikusi argiztapenik ez behartutako aireztapenik biltegien barruan. Ordea, lau tximinia jarri dira aireztapen naturala egin ahal izateko.
- Garrantzi berezia eman zaio grabitatearen indarrez isurtzen duen eroanbidearen itxituran balizko akatsak kontrolatzeari. Horregatik, eroanbidean tarteko kutxatila bat dago, atzera ezineko bi elementu eduki ahal izateko: erretentzio-klapeta bat eta balbula bat itsasadarraren ahoan.
- Kutxatilaren kokapenari esker, hortik igarotzen den uraren gazitasuna neurtu ahalko da. Horrela, eroanbidearen amaieran dagoen atzera ezineko balbularen balizko arazoak detektatu ahalko dira.
Europako proiektua
Bilboko Udalak, bat etorriz Europar Estrategia 2020 delakoarekin eta Hazkunde Jasangarriko Ekintza Programarekin (HJEP), eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin batera finantzatuta, Zorrotzaurreko eremuan Hiri Garapen Jasangarri eta Integratua Egikaritzeko Plana (HGJI) garatu du, proiektu asmo handiko eta arlo anitzeko bat, zeinetan udaleko hainbat sailek parte hartu baitute.
Plan honen asmoa da eremu bat berreskuratzea, historian zehar industria-eremu bat izan zena eta gaurko egunean erabilerarik ez duten espazioak dauzkana, eta hura Bilboko auzo berri erakargarri eta erakarle bihurtzea, gainerako hiriarekin ondo lotua azpiegitura- eta mugikortasun-eredu jasangarri baten bidez, eta kutsatzen ez duten enpresak ezartzeko eremuak izango dituena, eta etxebizitza eskuragarriak, eta gizarte- eta kultura-ekipamendu ugari, eta herritarrek gozatzeko gune zabalak. Eta uholde-biltegiena plan horren barruan egon den proiektuetako bat izan da.