Bi aste barru, ekainaren 16an konkretuki, jarriko da martxan Bilbaobizi bizikleten udal mailegu-zerbitzu berria. Bada, astearte honetan goizean, Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi Nora Abetek zerbitzu berriaren nondik-norako guztiak azaltzeko prentsaurrekoa eskaini du.

Salvador Urquia SERVEOko -zerbitzua kudeatzeaz arduratzen den enpresa berria- buru exekutiboa, Eduardo LobatoIberdrolako Euskadiko Merkataritza Zuzendaria eta Miguel Ramos GFLko -informazio eta jendearen arretako zerbitzuko ardura izango duena- bazkidea ondoan dituela, Abetek azpimarratu du Bilbok aurrerapauso bat emango duela Bilbaobizi zerbitzu berri honekin bizikleta hiriko garraiobide bihurtzeko.

Prentsaurrekoa Bizikletaren Munduko Egunean egin da eta bertan zerbitzuaren ezaugarri garrantzitsuenetako batzuei buruzko zehaztapenak eman dira. Zerbitzua erabat ezarrita dagoenean, 68 ainguraketa-leku eta 1.250 bizikleta berri izango ditu.

Aurreratu dutenez, ekainaren 15ean (igandea), 'Domeketan bizikletaz' ekimenaren barruan, Bilbaobizi zerbitzuaren aurkezpen ofiziala egingo dute jai-giroan. Bertan, bilbotarrek bizikleta berriak probatu ahal izango dituzte eta garraiobide jasangarri eta osasungarri horren inguruan antolatutako jardueretan parte hartu ahal izango dute. Jardunaldia Sabino Arana etorbidean egingo da, La Perrerako udal-eraikinaren aurreko zabalgunean, eta Euskadi Fundazioak parte hartuko du.

Bilbaobiziren zerbitzu berria

Ekainaren 16tik (astelehena) aurrera, zerbitzu berrian 790 bizikleta egongo dira, datorren urtean, 1.250 izango dira. Bizikleta berriak izango dira, eta bandalismotik babesteko sistema berezi bat izango duen ainguraketa jarriko zaie.

Ainguraketa-puntuen kopurua ere handituko da (46tik 68ra), hiriaren zona altuetan dagoen eskaera handiari erantzuteko. Puntu berri horietako bi ekainaren 16an jarriko dira martxan –Zurbaranbarri kaleko 39. zenbakian eta Ignacio Ellakuria kaleko 6. zenbakian–. Gainerako 20ak, berriz, datorren urtean zehar, modu mailakatuan.

Halaber, geltoki birtualak egongo dira, ekitaldien edo obren ondorioz zerbitzuaren erabilera-premia puntualei erantzuteko.

Eredu berrian tarifa bereiziak izango dituzte ohiko eta noizbehinkako erabiltzaileek, eta horrek aukera ematen du zerbitzua erabilera-denboraren arabera modulatzeko. Ohiko erabiltzaileek urteko 25 euroko kuota ordainduko dute eta noizbehinkakoek, urteko 10 eurokoa.

Ohiko erabiltzaileen abonoa kontratatzean, erabilera bakoitzeko kuota gehigarria, erabilitako denboraren arabera, onuragarriagoa izango da noizbehinkako erabiltzaileen kasuan baino.

Urteko abonua ohiko erabiltzailearentzat: 25,00 €

  • 0-15 min 0,15 €
  • 16-30 min 0,35 €
  • 31-60 min 0,50 €
  • >60 min 6,00 €/o

*Gainera, urteko gehienezko muga 72 eurokoa ezartzen da, ohiko erabiltzaileei onura emateko.

Urteko abonua noizbehinkako erabiltzailearentzat: 10,00 €

  • 0-30 min 0,65 €
  • 31-60 min 1,30 €
  • >60 min 6,00 €/o

Bizikleta berrien ezaugarriak

Zerbitzuan sartuko diren bizikleta berriak egungo merkatuko fidagarrienetako, seguruenetako eta iraunkorrenetakoak dira.

Diseinu funtzionala eta erakargarria dute, eta punta-puntako segurtasun-elementuak dituzte, bandalismotik babestearren, eta erresistentzia handia ziurtatzen dute.

Bizikletak etengabe monitorizatzen dira ainguratuta daudenean, eta haien egoerari buruzko informazioa back office sistema zentralera itzultzen da, bizikleten egoeraren diagnostiko osoa egiteko. 

Pedalei eragiteko laguntza eten egiten da indarrean dagoen Europako araudiak adierazitako 25 km/h-ko abiadurara iritsiz gero.

Segurtasun-mekanismo gisa, bizikletak alerta akustikoa, atzeko gurpileko blokeko giltzarrapoa, GPS lokalizazioa eta lohi-babes deformagarria ditu.

Bere diseinuari esker, grabitate-zentro baxua du erabiltzailea seguru senti dadin trafikoa dagoenean gidatzean.

Argi-sistema integratuak segurtasuna ematen dio erabiltzaileari ikuspen gutxiagoko orduetan. Koadroan integratuta, atzeko argi bat du, hiru LED gorri keinukari dituena, eta aurreko argi zuri bat, hiru LED keinukari dituena, bizikleta-parrillan integratuta. Sistema pedalei eraginez aktibatzen da, eta argiak piztuta egoten dira gutxienez 3 minutuz, bizikleta gelditzen denean, adibidez, semaforoetan. Argien bizitza baliagarria 10.000 ordukoa da.

SERVEO, zerbitzua kudeatzeaz arduratuko den enpresa, liderra da Espainiako merkatuan eta Europako operadore nagusietako bat da eta bikesharing zerbitzuak ezartzen duen esperientziagatik aitortua. Konpainiak 20.000 bizikleta inguru hornitu ditu hainbat lurraldetan, hala nola A Coruñan, Valladoliden edo Madrilen, eta Bartzelona eta Zaragoza lako hiri handietan kudeatzen du zerbitzua.

Jendeari arreta emateko zerbitzu berria

BilbaoBizi eredu berriaren berrikuntza nagusietako bat da erabiltzaileentzako arreta-zerbitzua indartzea, kanal anitzeko arretan espezializatutako hornitzaile den GFL (Good Food Land), lanerako zentro berezia, gehituta.

GFLk geltoki intermodaleko bulego berri batetik kudeatuko du aurrez aurreko zerbitzua, bai eta kanal ez-presentzialak ere, eta, hala, sarbide eroso eta irisgarria izango du sistemako kudeaketa guztietara: altak, bajak, gorabeherak konpontzea eta laguntza pertsonalizatua. Ikuspegi berri horrek arreta-eredu hurbila, efizientea eta herritarren beharrekin bat datorrena finkatzen du.