Jatorriz Frantziakoa zen arren Deustun jaiotako Jean Cassou idazlearen omenezko eskultura zaharberritu egin du Bilboko Udalak. Astearte honetatik aurrera lehen zegoen lekuan, Botika Zaharrean alegia, ikusi ahal izango da berriro Parisko Arte Modernoaren Musoeko zuzendari izan zen pertsona esanguratsu honen omenezko lana.

Marmolezko pieza bakar batek osatzen du eskultura eta barrena–zuloen aztarnak dituen bloke zimurtsu batetik sortzen da. Eskultura 1997an inauguratu zuten.  Bernat Vidal artista bilbotarraren lana da, eta zaharberritzeko eta birkokatzeko lanetan ere parte hartu du egileak. Batez ere, zaharberritzean hauek egin dituzte:

  • Harrizko gainazal osoa eskuz garbitu (ura eta eskuila), material urratzailerik erabili gabe.
  • Kuboaren ertzetako bat zaharberritu, kaltetuta baitzegoen.
  • Kuboa eskuz leundu.
  • Eta plaka aldatu, herdoilduta baitzegoen eta tipografiaren zati bat galdu baitzuen.

Hasiera batean, eskultura parterre batean zegoen, Botika Zaharreko patinaje-pistetatik gertu, Euskalduna zubiaren ondoan. 2021ean, Udalak kendu egin zuen pasealekua eta bidegorria handitzeko eta sarbideak hobetzeko berrurbanizazio-obren eraginez kalterik izan ez zezan.

Ingurua berrurbanizatu ondoren, eskultura jarri dute, pasealekuan dagoen parterre batean, Euskalduna zubiaren eta IMQren klinikaren artean.

Eskultura hobeto ikusteko moduko lekuan jartzearren eta kontserbazio-lanak erraztearren, artistak berak proposatuta, 20 zentimetro gorago jarri da eta Markinako marmolezko zenbait bloke jarri dizkiote inguruan, blokea naturatik sortzen dela simulatuz.