Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bat datorren larunbatean, apirilaren 26an, ospatuko den Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunarekin. Hala, emakume lesbianen errealitatea ikusarazteko asmoz, sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du martxan Udalak, sexu- eta genero-aniztasunarekiko errespetua eta berdintasuna sustatzeko.
Itziar Urtasun Berdintasuneko eta Jaietako zinegotziak adierazi duenez, "ospatzen dugun egun hau funtsezkoa da aurreiritzirik eta diskriminaziorik gabeko gizarte baten beharraz hausnartzeko orduan. Bizitzaren eremu guztietan gizarteari egiten dioten ekarpena baloratzeko unea da, pertsona guztiak duintasunez eta epaituak izateko beldurrik gabe bizi ahal izateko inguruneak sustatzeko momentua".
Udalak berdintasun errealarekiko konpromisoa berresten du, bai eta askotariko hiri inklusibo bat eraikitzeko konpromisoa ere, pertsona guztiak eskubide eta aukera berberekin onartuko dituena, 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) eta, aldi berean, Bilboren Balioen Agiriarekin bat etorriz, Bilbo Balioen Hiria proiektuaren testuinguruan.
Ildo horretan, Bilboko Udalak LGTBIQ+ kolektiboaren lana babesteko hainbat ekimen garatzen ditu Bizkaiko hiriburuan.
Kanpainaren irudia
Kanpainarako diseinatutako irudiak erdigunean jarri nahi ditu emakume lesbianak, haiek protagonista izanik, "LESBIANA" hitzarekin eta ostadarraren koloreekin, aniztasunaren sinbolo gisa. Era berean, "Argi eta ozen" esaldiarekin osatzen da, kolektiboaren ahotsari balioa emateko. Ospatzen den efemeridearen leloa "Apirilak 26, Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna" da.
Bilboko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu sexu-orientazioagatik edo genero-adierazpenagatik ikusten duten edozein diskriminazio, gorroto edo indarkeria mota aktiboki desagerrarazten laguntzera. Helburu horrekin, kanpaina berri hau hainbat euskarri fisikotan zabalduko da, hala nola hiri-altzarietan, udal-egoitzetako pantaila digitaletan eta Bilboko Udalaren webgunean, bai eta Udalak sare sozialetan dituen kontuetan ere.