Bilbao La Vieja sorkuntza artistikoko formatu berriak erakutsiko dituzten hainbat ekitaldien egoitza izango da hamar egunez, apirilaren 3tik 13ra bitartean. Egun horietan BLV-ART jaialdiaren edizio berria ospatuko da urian.
Eskaintzen duen programa zabal eta anitzak Hiribilduaren kulturaren epizentroa bihurtuko du auzoa, eta, aldi berean, ekimen eszeniko berritzaileez gozatzeko interesa duten guztientzat topagune izango da.
Gonzalo Olabarria Bilboko Udalaren Kultura eta Gobernantza zinegotzia eta Alicia Otxandategi BLV-ARTeko zuzendaria arduratu dira programazioa komunikabideei azaltzeaz prentsaurrekoan. Era berean, Ane Zapirain artistak Agortu, site-specific dantza piezaren laburpen bat aurkeztu du, apirilaren 12an Berreginen Museoan antzeztuko duena, Jaialdiaren programazioaren barruan.
BLV-ART 2007an sortu zen "Bilbo Zaharra, kulturarako zubia" izenarekin, Udalaren kultura-estrategiaren barruan kultura-programa aitzindari gisa, auzoaren inguruko kultura-jardueren programa zabal bat abian jartzeko helburuarekin. Ekimen honen bidez, auzoari balioa eman nahi zaio, Bilboko herritar guztien begietara bere programazioarekin erakargarri eginez, eta, aldi berean, gainerako hiribilduarekiko komunikazioa sustatu nahi da kulturaren bitartez. Urteen zehar, BLV- ARTen bidez, Bilbo Zaharrean aurkeztu dira diziplina guztietako arte-proposamen berritzaileenak, eta, horrela, kulturaren bidez, bilbotarrei eta bisitariei auzoaren kultura-interes zabala ezagutaraztea lortu da.
Horrela, Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoaren ekintza-ildoekin lotzen da. Plan horrek kultura-eszena deszentralizatzea sustatzen du, hiriko auzoetara hurbiltzeko.
Berreginen Museoa, Bilborock, Kremlin Aretoa eta San Frantziskoko Udaltegia izango dira Jaialdiaren hamasei ekitaldiak hartuko dituzten egoitzak. Apirilaren 3tik (osteguna) apirilaren 13ra (igandea) arte, ikusleek antzerkia, dantza, performance-ak eta ikus-entzunezko ekimenak izango dituzte ikusgai, belaunaldi berriko artisten eta jada esperientzia duten beste batzuen eskutik, hala nola Macarena Recuerda, Metrokoadroka, Altraste Danza, Eva Guerrero edo Proyecto Larrua.
BLV-ARTeko kide diren artistak Euskaditik, Nafarroatik eta Galiziatik datoz. Hain zuzen ere, handik Butacazero Bilbora dator “Lo único que verdaderamente quise toda la vida es ser delgada” lana aurkeztera (hilaren 10ean, San Frantziskoko Udaltegian). Lan honen estreinaldia Euskadin egingo da.
Beste estreinaldi batzuk honako hauek dira: Komorebi produkzioaren "Itzalekin dantzan" (hilaren 3an, Bilborocken); Las Nenas Theatre-ren "TORCIDXS", (hilaren 5ean, Berreginen Museoan eta 6an, Bilborocken), eta Macarena Recuerda Sheperd-en "Si fuera una película/Pelikula bat balitz", (hilaren 13an, Bilborocken). BLV-ARTen programatutako proposamen gehienak lehen aldiz ikusiko dira Bilbon.
Programazioan euskarazko jarduerak eta ikuskizunak ere nabarmentzen dira. Esate baterako, Gaizka Chamizoren antzerki-zirkukoa (hilaren 4an, Berreginen Museoan); Metrokoadrokaren "Artxibo biluzia" hitzaldi performatiboa (hilaren 12an, Bilborocken) eta Macarena Recuerda Sheperden "Pelikula bat balitz" (hilaren 13an, Bilborocken).