Datorren ostegun eta ostiralean, martxoaren 20an eta 21ean, lanagatik edo ikasketengatik beste herrialde batzuetara joan nahi duten gazteei bideratutako Mugikortasun Azokaren bigarren edizioa ospatuko da La Perrera eraikinean. GAZ Bilbaok –Bilboko Udalaren gazteen emantzipazioari laguntzeko zerbitzuak– antolatutako jardunaldi hauen leloa "Ikasketak, boluntariotza eta lana atzerrian" izango da aurten.

Iaz ekimen honen lehenbiziko edizioa egin zen eta parte-hartzea oso handia izan zen. Helburua da gazteei Euskaditik kanpo dauden lan-, boluntariotza- eta ikasketa-aukeren berri ematea. Jardunaldiak hilaren 20an –10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era– eta hilaren 21ean –10:00etatik 14:00etara– egingo dira, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako programak eta bekak dituzten entitateen laguntzaz Parte-hartzaileek hainbat stand bisitatu ahal izango dituzte, mugikortasun-baliabide bakoitzari buruzko lehen eskuko informazioa lortzeko, eta dauden aukerekin lotutako gaiak jorratuko dituzten hitzaldi eta mahai-inguruetan parte hartu ahal izango dute

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak azaldu duenez, "mugikortasun-programek kultura berriak ezagutzeko eta norberaren garapen pertsonal eta profesionalerako ezagutza, trebetasun eta gaitasun aproposak eskuratzeko aukera ematen dute. Azokara joatera animatzen zaituztet, beken eskaintza, Europako boluntariotza-programak edo gainerako Erasmus programazioa bertatik bertara ezagutzeko".

Hauek dira euren programa-eskaintzarekin parte hartuko duten entitateetako batzuk: Europe Direct Bizkaia, Bizkaiko Foru Aldundia, EURES, STEP Language Services SL, Basque Trade & Investment, Aiesec in Bilbao, ESN Bilbao, Fulbright Espainia-AEB Batzordea, Kiribil Sarea, Novia Salcedo Fundazioa, UN Etxea, DAAD, Bizkaia Gara, Otxarkoaga Prestakuntza Zentroa.