The European Capital of Democracy eta The Innovation in Politics Institute erakundeek antolatutako 'Innovation in Politics Awards 2025' sarietarara nominatu dute Bilboko Udalaren 'Patio Irekiak' proiektua.

Indautxuko Eskola eta Basurtuko Eskola ikastetxe publikoetan modu pilotuan abian jarritako ekimen honen helburua da eskoletako jolastokiak eskola-orduetatik kanpo irekitzea eta dinamizatzea, Bilboko haur, nerabe eta familientzako topagune seguru bihurtuz. 6 eta 12 urte bitarteko ikasleei bereziki zuzendua, "Patio irekiak" programak jolasa, bizikidetza eta sozializazioa sustatzen ditu ingurune babestuetan.

'Innovation in Politics Awards 2025' sarien sustatzaileek adierazi duten bezala, "proiektuak eskola-komunitateek eta gazteek jolaserako eta bizikidetzarako espazio publiko seguruen alde egindako eskaerari erantzuten diola uste dugu. Gure ustez, proiektua beharrezkoa eta berritzailea da, eta Europako beste leku batzuetan aldaketa positiboak eragiteko ahalmena du".

Hezkuntzan eta gizartean duen eraginaz gain, proiektuak Lanbideren babesa du eta gazteen enplegagarritasunari laguntzen dio, "Lehen esperientzia profesionala administrazio publikoetan" programaren bidez, Gizarte eta Hezkuntza Zientzietako hiru titulatu gazteri lan-munduan sartzen lagunduz.

Hezkuntza arloko berrikuntzaren aintzatespena

'Innovation in Politics Awards' sariek gaur egungo erronketarako soluzio berritzaileak bultzatzen dituzten lider politiko eta sozialen lana aitortzen dute. 2017an sortu zenetik, 30 herrialdetako 5.000 proiektuk baino gehiagok parte hartu dute sari hauetan, 500 finalista eta irabazle baino gehiagorekin. Proiektuak 1.000 europarren epaimahai batek ebaluatzen ditu, proiektuen inpaktua eta berrikuntza baloratuz.

Ildo horretan, Bilboko Udalak hezkuntzaren berrikuntzarekin eta haur eta gazteen ongizatearekin duen konpromisoa indartzen du aintzatespen honek, hirian bizi-kalitatea hobetzen duten eta Europa mailan erreferente gisa balio duten proiektuen aldeko apustua eginez.