Ostegun honetan goizean, Bilboko Udalaren Arabiar Aretoak Euskadiko Udalen Elkarteak – EUDELek proposatutako Adierazpenaren irakurketa instituzionala hartu du, datorren larunbatean, martxoaren 8an, ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunen harira.

Ekitaldia Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, zuzendu du, eta harekin batera izan dira Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotzia eta Udal Korporazioko ordezkariak. Bertan, dokumentua irakurri dute, non euskal udalei genero-berdintasuna lortzea bizkortzeko mundu-mailako mugimenduarekin bat egitera gonbidatzen zaien. Halaber, emakumeen eta nesken ahalduntzearen aldeko apustua eta haien giza eskubideen defentsa sustatzeko konpromisoa hartu du. Bilboko Udalak, gainera, testuan jasotzen diren erronkak eta konpromisoak bereak egin ditu.

Irakurketan berdintasunaren arloan lanean diharduten udaleko profesionalek parte hartu dute, baita genero-berdintasuna bultzatzen duten hiri osoko emakume-elkarteetako ordezkariek ere.

Horrez gain, EUDELen testuaren irakurketarekin batera, Amaia Santamaria eta Loida Martinezek, Ajala la Necia eta Hija del Nopal artisten laguntzarekin, Mihi Morea abestia zuzenean interpretatu dute. Martxoaren 8a ospatzeko zehazki konposatutako abestia da, eta Leire Bilbao Barroetabeña poetaren izen bereko poeman oinarrituta dago. Poema hori iaz aurkeztu zen, egun honen harira.

Pieza honek emakumeen ahotsa eta haien gizarte-eraldaketarako papera aldarrikatzen ditu, ahalduntze eta erresistentzia sinbolo bihurtuz.

Martxoaren 8ko kanpaina instituzionala

Martxoaren 8aren harira, Bilboko Udalak kanpaina instituzionala abian jarri du, emakumeen ahotsa eta presentzia gizartean aldarrikatzeko. Halaber, hiriko emakume-elkarteen lana eta haien parte-hartze soziala ikusarazi eta aitortu nahi dira, ahalduntze kolektibo eta indibidualerako funtsezko elementu gisa.

“Guztion Ahotsa. Para nombrar, ser, estar” lelopean, Udalak emakumeak balioan jarri nahi ditu. Izan ere, haien esperientzietatik, ezagutzetatik eta errealitate ezberdinetatik abiatuta, berdintasunaren aurrerapenean laguntzen dute, okupatzen dituzten espazio guztietan. Horrez gain, emakume askok entzunak izateko eta beren errealitate sozialean eragiteko dituzten zailtasunetan ere jartzen du arreta. Horregatik, datorren martxoaren 8an, ezinbestekoa da gogoratzea Bilboko emakume guztiek dutela ahotsa, beren bizitzaren gaineko erabakiak segurtasunez eta modu independentean hartzeko eta eskubide eta aukera-berdintasunaren alde borrokan jarraitzeko.

Kanpainaren irudi nagusian Bilboko emakumeak ikus daitezke, adin, jatorri eta egoera ezberdinetakoak, guztiak ere emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometituak. Kartela dagoeneko ikusgai dago udaleko hainbat euskarritan eta sare sozialetan. Bertan, hiri osoko emakume-elkarteetako 20 kide agertzen dira, elkarte-mugimenduaren eta parte-hartze sozialaren balioa nabarmentzeko, funtsezko elementuak baitira ahalduntze indibidualerako eta kolektiborako.