Urian 0 eta 2 urte bitarteko haur-hezkuntzako 195 plaza berri sortuko ditu Bilbok, hezkuntza goiztiar publikoa eta doakoa unibertsalizatzeko bideari jarraituz. Ekimen hori Gobernu Batzarrean onartutako Haurreskolak Partzuergoarekiko lankidetza-protokolo orokorrari esker egingo da.
Eider Bilbao Bilboko Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak adierazi du akordio honek Hezkuntza Sailak udal agintaldiko planean hartutako konpromisoetako bati erantzuten diola. Berari esker, “doako hezkuntza goiztiar publikoaren unibertsalizaziorantz goaz, familiei plaza gehiago eskainiz eta hezkuntza adin txikietatik eskuratzea erraztuz”.
Proiektuak hezkuntza-eskaintza zabalduko du 0 urtetik 2 urtera bitarteko zikloan, lehendik dauden ikastetxeetan lau haurreskola zabaltzearen eta berri bat eraikitzearen aldeko apustua eginez. Next Generation Funtsen Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren finantzaketa du, zehazki 21. osagaia: “Hezkuntza-sistemaren modernizazioa eta digitalizazioa, 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza goiztiarra barne”.
Horrela, hauek dira burutuko diren jarduketak:
- San Ignazioko HLHI: 3 gela berri prestatuko dira (39 plaza berri). 2025eko otsailean irekiko dira.
- Elejabarri HLHI: 4 gela izatetik 6 izatera pasako da (26 plaza berri). Eraikitzen ari dira.
- Zamakola HLHI: 4 gela izatetik 8 izatera pasako da (52 plaza berri). 2025eko abenduan bukatzea aurreikusten da.
- Txurdinagako HLHI: 4 gela izango dituen haurreskola berri bat sortuko da (52 plaza berri). 2025eko abenduan bukatzea aurreikusten da.
Modu berean, Udalak, bere funtsekin, haurreskola berri bat eraikiko du Ametzolan, 2 gela edukiko dituena (26 plaza berri). 2026ko azken hiruhilekoan bukatzea aurreikusten da.