Zabalik dago urian bizikletan ibiltzeko doako prestakuntza ikastaroetan izena emateko epea. Bilboko Udalak Elorrietako BiziToki eskolan eskainiko ditu klaseak martxoaren 3tik aurrera, 16 urtetik gorakoentzat bideratuta egongo direnak. Tailerretan mugikortasun jasangarriarekin lotutako gaiak jorratuko dira, bai eta bizikleta hirian modu seguruan eta arduratsuan nola erabili ere.

Interesdunek izena eman ahal izango dute web-orrian; hor, QR kode baten bidez, tailerrei eta kanpainari buruzko informazio guztia eskuratu ahal izango da.

Programak txirrindularientzako prestakuntza-plan bat izango du, «Bizikleta bat gehiago» metodologian oinarritua. Doako ikastaroak egingo dira, oinarrizkoetan hasi eta aurreratuenetara, hiri-ingurunean segurtasunez zirkulatzeko. Bi orduko saioak izango dira, maila eta ordutegi desberdinetan; emakumeentzako eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako ikastaro espezifikoak ere emango dira, eragozpen sozialak, fisikoak eta psikologikoak ezabatzeko helburuarekin.

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak abian jarritako kanpainaren baitan egingo da jarduera hori. "Aldatu martxa, eraldatu Bilbo" leloa duen kanpaina horren bidez, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatu eta bultzatu nahi da, herritarren hainbat sektoreren informazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-jardueren bidez, hirian modu arduratsu eta seguruan bizikletaz ibiltzeko.

Prestakuntzak jarraipena izango du datozen hilabeteetan, "Bizikleta eskolan" programarekin; DBHko 1. mailatik 4. mailara bitarteko Bilboko ikasleentzat da programa hori, helburu duena horien artean bizikletaren erabilera sustatzea. Ikasleek beren ikastetxeetan jasoko dute prestakuntza.

Bi kasuetan, bizikleta garraiobide aktibo, osasungarri, seguru, iraunkor eta adimentsu gisa identifikatu nahi da, eta bizikletaren erabilerari buruzko araudiari, segurtasunari, ibilbideei, helmugei eta onurei buruzko informazioa eta prestakuntza eman.

Kanpainaren bigarren zatian (#BiziBilbaoBizikletaz), gizartearen inplikazioa sustatzeko jarduerak egingo dira, bizikletaren erabileraren onurei buruz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko. Programaren barruan, besteak beste, honako ekimen eta jarduera hauek egingo dira: "30 egun bizikletaz"; «Domekak bizikletan», Bilboko 8 barrutiak zeharkatuko dituen bizikleta-ibilaldiekin eta familia osoarentzako jarduerekin; bide-segurtasunari buruzko zirkuituak eta bizikletari buruzko biltzar bat, adituen parte-hartzearekin.

#BiziBilbaoBizikletaz programaren jarduerei eta ordutegiei buruz gehiago jakiteko, webgune ofiziala bisita daiteke, edo ekimena sare sozialetan jarraitu (#BiziBilbaoBizikletaz traola).