Bilboko Udalak 2025ean Garapenerako Lankidetzaren 30. urteurrena ospatuko du, hiriaren konpromisoa sendotuz elkartasun internazionalarekin eta mundu justu eta berdinzaleago bat eraikitzeko ahaleginarekin. 1995ean lehen aldiz, lankidetzarako aurrekontu-partida bat bideratu zuenetik, Bilbok 53 milioi euro baino gehiago erabili ditu Afrika, Latinoamerika eta Asiako 30 herrialde baino gehiagotan proiektuak sustatzeko.

Hiriaren konpromisoari esker, Bilbo lankidetza-munduan erreferente bihurtu da, Estatuko hirugarren hiria izanik garapenerako lankidetzan inbertsio bolumen handiena daukana eta mundu mailan zortzigarrena. Euskal Herrian, lehen postuan dago. Urtez urte, Udalaren inplikazioak eta urteroko inbertsioak gero eta hurbilago jartzen dute 2024an onartutako Euskal Lankidetza eta Elkartasun Legeak ezarritako %0,7ko helburura

2025ean, Udalak 3,8 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu garapenerako lankidetzara, pobreziaren aurka lan egiteko, desberdintasunak murrizteko eta mundu berdinzaleago bat eraikitzeko konpromisoa berresteko asmoarekin.

Hiru hamarkada eragina eta elkartasuna sortzen

30 urte hauetan, Bilboko lankidetzak 50 GGKE baino gehiagorekin lan egin du, milaka pertsonaren bizitza hobetu duten proiektuak finantzatuz, besteak beste, Guatemala, El Salvador, Kolonbia, Bolivia, Honduras, Senegal, Ruanda, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetan.

Jarduera nagusiak honako hauek izan dira:

  • Ur-hornidura eta saneamendua: azpiegitura egokirik ez duten komunitateetan oinarrizko zerbitzuak bermatzeko.
  • Emakumeen ahalduntzea eta genero indarkeriaren aurkako borroka, berdintasuna eta autonomia ekonomikoa sustatzeko asmoarekin.
  • Hezkuntza eta prestakuntza: haurrei, gazteei eta helduei garapen pertsonal eta profesionalerako aukerak bermatzeko.
  • Larrialdi humanitarioa eta premiazko laguntza: hondamendi naturalek, gatazka armatuek, goseak eta behartutako lekualdaketek eragindako krisiei erantzutea.

"Bilboko udal lankidetza gizarte-eraldaketaren motorra izan da, ez bakarrik proiektuak gauzatu diren herrialdeetan, baita gure hirian ere, herritarren kontzientzia kritikoa eta justizia globalarekin konpromisoa sustatuz", adierazi du Íñigo Zubizarreta Bilboko Udaleko Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren zinegotziak.

30. urteurrena ospatzeko urtebetetzeko jarduerak

Hiru hamarkada hauen ospakizunerako, Bilboko Udalak jarduera-programa bat diseinatu du, Bilboko Lankidetza Kontseiluarekin eta tokiko GGKEekin elkarlanean. Lehen ekitaldia otsailaren 27an izango da, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zen egunean. Sahararen aldeko elkartasun-kontzertua egingo da Camposean Eliseos Antzokian, 19:30etan.

Urtean zehar, bilbotarrek hainbat ekintzatan parte hartu ahal izango dute, hala nola, lankidetzan eta garapen jasangarrian adituen hitzaldiak eta mahai-inguruakliburu aurkezpenakzinema-forumakerakusketak eta sentsibilizazio-jardunaldiak. Jarduera horien egitaraua aurrerago iragarriko da.

Ospakizuna azaroaren 13an bukatuko da Azkuna Zentroan egingo den ekitaldi nagusiarekin, bertan hiru hamarkadatan lankidetzan aritu diren pertsonak eta erakundeak omenduko dira.

Etorkizunerako konpromisoa berretsiz

Urteurren hau ez da iraganari begiratzeko aukera soilik, baita Bilbok 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekin eta "Bilbao Balioen Hiria" Balioen Gutunarekin duen konpromisoa indartzeko aukera ere.

Íñigo Zubizarreta Bilboko Udaleko Giza Eskubideen, Bizikidetzaren, Lankidetzaren eta Kulturartekotasunaren zinegotziaren hitzetan, “hasieratik helburua argia izan da: gizarte-eraldaketaren eta garapen jasangarriaren motorra izatea. Horregatik, garrantzi handia eman zaio sentsibilizazio eta hezkuntza ekimenak sustatzeari, bai eta Giza Eskubideak defendatzeari ere, Bilbon herritartasun kritikoa eta solidarioa bultzatuz".

Bilboko Udalak lanean jarraituko du euskal, estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuekin elkarlanean, baita tokiko elkarte-sarearekin ere. "Elkartasun globala tokiko ekintzekin hasten da, eta Bilbok garapenerako lankidetzan erreferente izaten jarraituko du”, ondorioztatu du Íñigo Zubizarretak.