Síguenos en redes sociales:

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko du Bilbok

Zientziaren eta teknologiaren arloan emakumeek egiten duten lana ezagutaraziko du Bilboko Udalak datozen egunetan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta. Ekimen horren helburua neskak eta nerabeak bokazio horien inguruan sentsibilizatzea da.

“Espero dut datozen egunotan Bilbon sustatuko ditugun ekintza hauek guztiak neskato eta gazte askoren inspirazio iturri izatea. Horretarako erabat da garrantzitsua erakundeok jabetzea ekintza bakoitzak esparru zientifikoan berdintasunerako bidea eraldatzen laguntzen digula. Gainera, nesken artean karrera zientifikoen aukeraketa sustatzeko eta gure gazteengan bokazio horiek pizteko lanean jarraitu behar dugu”, adierazi du Kontxi Claverrek, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko Zinegotziak.

Gaur hasi eta nazioarteko eguna ospatzen den otsailaren 11ra artehiriko 62 saltokik erakusleihoak apainduko dituzte emakume zientifiko baten omenez. Merkatariek zientzialari baten lanari buruzko informazioa jasotzen duten irudiak eta kartelak jarriko dituzte euren establezimenduetan eta erakusleihoak zientzialari horien ikerketan inspiratutako motiboekin apainduko dituzte. Horrela, Bilboko Udala eta dendak hamabi zientzialariren bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, emakumeek zientziari egiten dioten ekarpena ikusarazten lagunduz.

Gainera, aurreko bi edizioetako arrakasta erreferentziatzat hartuta, herritarrek yinkana batean parte hartu ahal izango dute. Horretarako, mugikorrean Actionbound aplikazioa deskargatu beharko dute, establezimenduetan omendutako hamabi emakumeen kartelak bilatu eta dagozkien QR kodeak eskaneatu. Kartel bakoitzaren QR kodea eskaneatu ondoren zientzialariari buruzko galdera bati erantzun beharko diote, eta establezimenduz establezimendu joan, hamabi emakumeen QR kodeak aurkitu eta galdera guztiei erantzun arte.

“Erakusleihoak otsailak 11 #ErakusleihoakO11” ekimenak bosgarren edizioa ospatuko du aurten eta Elhuyarrekin lankidetzan gauzatzen den Bizilabe Bilbao proiektuaren baitan kokatzen da. STEAM hezkuntzaren bidez, Elhuyarrek gai zientifiko eta teknologikoetan parte hartzera animatzen ditu neskak urte osoan zehar, horretarako, emakume zientzialarien lana ikusarazten du eta lan horren garrantzia azpimarratzeko proiektuak egiten ditu, erreferenteak sortzeko eta beren ikerketa-lanak hurbiltzeko asmoz. Horrela, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera eskaintzen dute, ideia faltsuak eta estereotipoak alde batera uzteko.

Erakusketa Zabalgune eraikinean

Dendetako kanpainaz gain, Bilboko Udalak Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatzen duen beste jarduera bat "Emakumeak zientzialari eta teknologo" erakusketa da. 

Udalak Zabalgune Eraikineko atari nagusian, gaur, otsailak 3, hasi eta otsailaren 17ra arte zabalik egongo den erakusketa bisitatzera gonbidatzen ditu herritarrak. Erakusketak zientziaren eta teknologiaren esparruko hamabi emakume horien ilustrazioak ditu, eta doan bisitatu ahal izango da, aldez aurretik erreserbarik egin gabe, 10:00etatik 19:00etara.

Erakusketaren xedea da gizartea eta, bereziki, haurrak eta gazteak, egungo eta iraganeko zientziaren eta teknologiaren esparruan erreferente diren hamabi emakume horiengana, gazteak eta ibilbide profesional zabala dutenak, hurbiltzea.

Emakumeak Zientzian

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, aurten, Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, bat egin du Emakumeak Zientzian ekimenarekin. Kanpaina hau 2017an hasi zen eta ordutik emakumeek zientzian duten jarduera ikusarazteko, rol estereotipatuak hausteko eta neskatoen eta nerabeen artean karrera zientifikoen aukeraketa sustatzeko helburuarekin egiten du lan.

Horretarako, Emakumeak Zientzian ekimenak jarduera-programa zabala sustatu, antolatu, garatu, aurkeztu eta gauzatzen du otsailaren 11ri lotuta. Aurten Zabalgune Eraikinean egiten den “Emakumeak zientzialari eta teknologo” erakusketa sartu da. Aurten Bilboko Udalak bat egin du Emakumeak Zientzian proiektuarekin; proiektuan 35 erakundek parte hartzen dute, hala nola ikerketa-zentroek, unibertsitate-fakultateek, erakunde publikoek... Azken batean, Euskadiko zientziaren eta teknologiaren arloko erakunde adierazgarrien sare zabala.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna

Nazio Batuetako Batzar Orokorrak 2015ean erabaki zuen otsailaren 11 izango zela Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, emakumeek eta neskek zientzian erabateko partaidetza eta parte-hartze parekidea izan dezaten lortzeko eta emakumeengan bokazio zientifikoak sustatzeko.