Beste urte batez, Bilboko Udalak martxan jarriko ditu uda honetan uriko ume eta gazteei bideratutako aisialdirako kirol-programak. Artxanda, Txurdinaga, Errekalde eta San Ignazioko udal kiroldegiak izango dira 'Udan primeran kirola eginez' eta Campus udalekuen egoitzak. Bi programa horiek 2.350 plaza eskainiko dituzte guztira, eta horietatik 30 kirol egokiturako plazak izango dira.

Programazio honen helburu biak dira udako hilabeteetan familiei kontziliazio-premietan laguntzea eta neska-mutilei ondo pasatzeko, kirola egiteko, esperimentatzeko eta sozializatzeko aukera ematea.

Interesdunek (maiatzaren 8tik aurrera abonatuek; hilaren 10etik aurrera ez abonatuek) izena eman ahal izango dute Bilbao Kirolak-en webgunean edo aurrez aurre kiroldegietako ST makinetan.

‘Udan primeran kirola eginez’

Hainbat kirol-modalitate eskaintzen ditu, eta 6 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Guztira 1.980 plaza eskainiko dira, eta horietatik 30 dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat izango dira.Asteka egingo da ekainaren 24tik irailaren 6ra bitartean, 9:00etatik 14:00etara, Artxandako, Txurdinagako, Errekaldeko eta San Ignazioko kiroldegietan.

Interesa duten familiek nahi beste astetan egin dezakete inskripzioa. Plazak izena eman ahala esleituko dira. Kirol egokituko jarduerak San Ignazioko kiroldegian egingo dira, ekainaren 24tik 28ra, uztailaren 1etik 5era, uztailaren 8tik 12ra, uztailaren 15etik 19ra eta uztailaren 22tik 26ra. Kirol egokituko 30 plazetako batzuen inskripzioa San Ignazioko kiroldegian egin daiteke.

Campusa

Udaleku horiek 4 kirol-modalitate eskaintzen dituzte (370 plaza): gimnastika erritmikoa, gimnastika artistikoa eta tranpolina, erraketa eta dantza modernoa.Artxanda eta Errekaldeko kiroldegietarako autobus zerbitzua aurreikusten da, astean 20 euro gehiago ordainduta. Interesa duten familiek nahi beste astetan egin dezakete inskripzioa. Plazak izena eman ahala esleituko dira.