Asteazken honetan hasiko da tokiko kirola sustatzea helburu duten Bilboko Udalak martxan jarritako dirulaguntzak eskatzeko epea. Ekimen hau uriko kirol klub eta entitateei, banako kirolariei eta kirol-ekitaldiei bideratuta dago.

Lehenengo programarako eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik; bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren programetarako epea, berriz, urriaren 21era arte luzatuko da, klubek eta banakako kirolariek urte amaieran egiten diren eta diruz lagun daitezkeen ekitaldiak edo ekintzak sartzeko aukera izan dezaten.

Eskabideak Bilbao Kirolak webgunearen bidez aurkeztu beharko dira. Bertan, eskabideak egiteko inprimakiak, oinarriak eta deialdiari buruzko gainerako informazio interesgarria ere eskuratu daitezke. Aurten 264.100 euro daude deialdi honetan eta 5 programatan banatuta dago:

  • 1. programa: (190.000 euro)

Egiteko sozial eta federatiboa garatzeko, antolakuntza-irizpide espezifikoetarako, talde teknikoaren osaerarako, joan-etorrietarako, emakumeen presentzia sustatzeko, dibertsitate funtzionala duten pertsonen kirol-jardunerako, eta parte-hartzearen alorreko kirol-programetarako.

  • 2. programa: (34.100 euro)

Bilbon egiten diren eta Bilbon eragina duten kirol-ekitaldietarako, non herritar guztiek parte hartu ahal duten, kirol osasuntsua, aisialdikoa eta integratua bultzatzen den, eta hiria sustatzen den. Eta izaera puntuala duten, eta, gehienez ere, 8 egun irauten duten kirol-eremuko prestakuntza-ekintzetarako ere bai.

  • 3. programa (15.000 euro, 5.000 euro desgaitasuna duten kirolarientzat)

Banako kirolarien jarduerari laguntzeko. Dirulaguntza hori eskuratu ahal izateko, Bilbon erroldatuta egon behar da —bi urteko antzinatasunarekin, gutxienez—, banako lehiaketazko kirola egin behar da, eta maila desberdinetako kirol-lehiaketetan parte hartu behar da (nazioarteko maila barne). Dirulaguntza ematerakoan, 2024an izandako emaitzak eta kirol proiektua baloratuko dira.

  • 4. programa (10.000 euro)

Bilboko udalerrian umeentzako kirol-jarduerak antolatzen dituzten pertsona juridikoentzat, ikasleen gurasoen elkarteentzat, kirol-klubentzat, ikastetxeentzat, eta ikastetxeekin lotura duten entitate edo elkarteentzat.

  • 5. programa (15.000 euro)

Estatu- edo nazioarte-mailako lehiaketetara edo txapelketetara joateko dirulaguntza, betiere horiek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten direnean. Ez da dirulaguntzarik emango estatutik kanpo egiten diren lehiaketetara joateko.