Alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu Bilboko Udaltzaingoak
Aste honetan abian jarritako gidatu bitartean gailu elektronikoen erabilera kontrolatzeko kanpaina amaitu bezain laster martxan jarriko du Bilboko Udaltzaingoak, astelehen honetatik aurrera, alkohol- eta droga-kontrolak indartzeko kanpaina berri bat.
Errepidean heriotza eragiten duten istripuetan, hirutik batean, alkohola eta drogak izaten dira eragile, edo tartean izaten dira. Izan ere, gidatu behar denean alkohola edo drogak hartzen badira, 2 eta 15 bider artean handiagoa izaten da istripu bat izateko arriskua (hartutako kantitatearen arabera).
Alkohola eta drogak kontsumitzeak, istripuak gertatzeko arriskua areagotu ez ezik, heriotza-tasa handiagoa ere badakar, oso eragin estua duelako jasaten diren lesioek pronostiko larriagoa izatearekin.
Horregatik, Bilboko Udaltzaingoak, Euskadiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren barruan, gidatzean alkohola eta drogak kontsumitzeak dituen arriskuei buruz kontzientziatzeko kanpaina espezifiko bat egingo du datozen egunetan, Pazko Astean.
Hala, bada, datozen egunotan, bihar hasi eta domekara arte (apirilaren 1etik 7ra), kontrola eta zainketa areagotu egingo dira, urian ibilgailu gehien ibiltzen den bideetan. Egunero hiru kontrol egingo dira uriko toki desberdinetan, gidatzean arrisku handia eragiten duen jokabide hori eragozteko.
Prebentzio-kontrolak
2023an, Udaltzaingoak alkoholaren eta drogaren alorreko 208 prebentzio-kontrol egin zituen urteko zenbait asteburutan, eta sarriago Aste Nagusian eta Gabonetan.
Kontrol horietan, udaltzainek 2.509 alkohol-proba eta 260 droga-proba egin zituzten guztira. Emaitza: 56 positibo alkohol-probetan (ondorio administratiboak dituzten 51 alkoholemia eta ondorio penalak dituzten 5 alkoholemia) eta 12 positibo droga-probetan (denak ala denak ondorio administratibokoak).