Astearte honetan bertan hasita eta ostiralera bitartean, hau da, abenduaren 26tik 29ra, La Perrera udal zentroan ospatuko da itsu-itsuko xake txapelketaren edizio berri bat. Partidak arratsaldez jokatuko dira, azken egunean izan ezik.
“Harro egoteko modukoa da Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioak La Perrera aukeratzea topaketa berezi hau egiteko. Modalitate honen erreferentzia Bilbon mantentzeko asmoz jaio da txapelketa, kirolaren berezko hainbat balio zabaltzeko erreferentea den aldetik: berdintasuna, inklusioa eta joko garbia”, esan du Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak.
2023ko Bilboko Sator Xake Txapelketak Bilboko Udalaren kolaborazioa dauka. Helburuen artean dago guztiz itsuak diren pertsonek ez dezatela desabantailekin jokatu ikusmena daukaten parte-hartzaileen aldean. Hala, parte hartu gura duten pertsona guztiek euren ezintasun maila gorabehera joka dezakete. Erabat itsuak diren pertsonek material egokituarekin jokatuko dute, eta ikusmena dutenek, berriz, antifazarekin.
Xake-partidak hilaren 26an (asteartea), 27an (asteazkena) eta 28an (osteguna) izango dira, 16:30etik aurrera, eta hilaren 29an (ostirala), 10:00etan. Torneoak 5 sari orokor izango ditu ONCE Euskadiko xake-ikasleentzat, 3.000 euro inguruko balioarekin.
Aldi berean, La Perreran, abenduaren 26tik 30era, 10:30ean, Bizkaiko gazteen eta kadeteen txapelketak jokatuko dira xake arrunteko modalitatean, espazioak, joko-aretoak, baliabide teknikoak eta giza baliabideak konpartituz, parte-hartzea ikusarazteko eta normalizatzeko, aukera-berdintasunaren ikuspegiarekin.
"Kirolak, banaka zein taldeka, hainbat balio ikasteko esparru bat eskaintzen digu, besteak beste berdintasuna, inklusioa eta errespetua. Bilboko Udalean aukerak eta baliabideak eskaintzen ditugu kirola bereziki kolektibo kalteberengana hurbiltzeko, pertsona horien guztien autonomia bultzatzeko eta indartzeko materialak eta espazioak egokituz", adierazi du Itxaso Erroteta zinegotziak.